Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Lazkaoko Beneditarren dokumentazio guneko ateak beasaindarrei irekiak

2024/10/25

Bisita irekiak azaroaren 21 eta 29an izango dira eta izena eman beharko da aurretik

Talde edo elkarteentzako bisitak antolatzeko egun eta ordutegiak adostuko dira 

Berriki omendua izan zen Juan Joxe Agirre artxiboaren sortzaile eta zaindariari egindako omenaldian izan ziren udal ordezkariak

Beasaindarren kultur eta historia ezagutzarako baliagarria izango den aukera paregabea eskainiko da Lazkaoko Beneditarren Fundazioko dokumentazio gunearen bisita gidatuekin. 2019az geroztik, Beasaingo Udalak eta Lazkaoko Beneditarren Fundazioak lehenengoz sinatu zuten hitzarmenari jarraipena emanez, aurten ere aukera hau berriz ere eskainiko zaie beasaindarrei. Honela dokumentazio gunearen ateak beasaindarrei irekiko dira eurentzat propio antolatutako bisita gidatuen bitartez.

Gaur egun dokumentazio gune hau erreferentzia da mundu mailan Euskal Herriko historia politiko garaikidearen inguruan ikerketak egiteko. Baina, ezezaguna da oraindik goierritar eta beasaindar askorentzat ere. Honela, beasaindarrei euskal historia garaikideari buruzko ondasun multzoa ezagutzera eman ahal izango da eta bide batez, eskualdean zer nolako ondare dokumentala gordetzen den ezagutzea, horren balioaz jabetzea, eta zerbait propio gisa sentitzea.  

Bisita gidatu antolatuak 

Hitzarmenean jasotakoaren arabera, beasaindarrentzat propio antolatutako bisita gidatuak, bi motatakoak izango dira: 

Bisita irekiak, aurretik izena emanda antolatuko dira, 943 888781 telefonora deituta edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikora idatziz. Gehienez 13 pertsonako taldeak. Hala, aurten bi bisita ireki egingo dira, azaroaren 21 eta 29an. 

Talde edo elkarteentzako bisitak, haiekin adostutako egun eta ordutegian egingo dira.

Bisita guztiek ordu eta erdiko iraupena izango dute, eta bertan dokumentazio zentroko instalakuntzak zein bertan gordetzen den materialaren lagin zabala ikusteko aukera izango da. 

Lazkaoko Beneditarren Fundazioa eta dokumentazio zentroa

Lazkaoko Beneditarren Fundazioa (LBF) 2011n sortu zen, Juan Jose Agirre monje beneditarrak urtetan liburu eta dokumentazio bilketaren inguruan egindako lana babestu eta Lazkaoko Beneditarren Fondoa deiturikoa gorde, osatu, garatu eta gizartearen esku jartzeko, hau da, Agirrek egindako lanari segida eman eta garai berrietara egokitzeko. 2010ean eraikina altxatu zuten monasterioaren ondoan Agirrek bildutako dokumentazioaren parte handi bat bertan gordetzeko. 

Ibilbide luzea dago fundazioaren atzetik, 1973an hartu baitzuen Agirrek Lazkaoko Beneditarren Monasterioko biblioteka zuzentzeko ardura. Biblioteka zuzendu bakarrik ez, gerora Euskal Biblioteka deituko zenaren oinarriak ere jarri zituen, monasterioan aurkitu zituen liburu eta aldizkariekin eta gerora bilduko zituenekin. Handik gutxira, gainera, beste liburutegi eta artxiboetan artean gordetzen ez ziren dokumentuak biltzeari ekin zion: panfletoak, foiletoak, kartelak, pegatinak, egutegiak… Eta arreta berezia eskaini zion erbestean eta klandestinitatean ateratzen zen guztiari. Monasterioan dagoen Beneditarren Biblioteka handia ere kontsulta daiteke LBFn. Guztia ere Euskal Herriko historiaren azken mendea ezagutzeko ezinbestekoa.

Euskal erakunde eta gizartearen errekonozimendua berriki jaso du Agirrek Lazkaon Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik jasotako omenaldiarekin. Aldundiko diputatu nagusia eta arduradunak, herritarrak, ordezkari politikoak eta Beasaingo udal agintariak ere bertan izan ziren alkatea buru zela.  

Benedi bisita20191216 0