Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez antolatu du Beasaingo Udalak emakumezkoen pilota jaialdia, kirola eta berdintasuna uztartuz
Kirola, berdintasuna eta martxoaren 8a uztartuko ditu igande honetan jokatuko den eskuz binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup pilota txapelketaren finalaurreko partiduak. Beasaingo Udaletxean burutu den aurkezpenean udal arduradunak eta jaialdiaren antolakuntzako ordezkaria agertu dira xehetasunak emanez; udalaren aldetik Leire Artola alkateordea eta Amets Arrospide berdintasun zinegotzia eta txapelketaren antolakuntzatik Iker Amarika.
Antzizar kiroldegian egingo den jaialdiak hainbat helburu betetzen dituela adierazi du Leire Artola alkateordeak; pilota jaialdia martxoaren 8an izateak Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako egitaraua aberastuko du. Bestetik, Udalak bertako kirolak sustatzeko duen konpromisoarekin bat dator, esku pilota gure nortasunari lotutako kirola baita eta era berean berdintasun irizpideei jarraituz gizonezkoen pilota jaialdien antzera emakumezkoenak ere antolatu eta sustatzeko konpromisoa hartu du honela udal gobernuak.
Arrazoi eta helburuak azalduta jaialdiari buruzko argibideak eman ditu Iker Amarikak txapelketaren antolakuntzako ordezkariak. Azaldu duenaren arabera, Laboral Kutxa Master Cup jaialdia bere laugarren ediziora iritsi da aurten. Hona iritsita, urtarrilean hasitako eskuz binakako txapelketa honen bi finalaurrekoak jokatuko dira Beasainen. Partidak pilota mixtoarekin jokatuko dira eta eguerdiko 12:00etan hasiko dira. Lehen neurketan aurrez aurre izango dira Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai, Amaia Aldai eta Arrate Bergararen aurka. Bigarren finalaurrekoan berriz Leire Garai eta Andrea Capellanek, Miren Larrarte eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka jokatuko dute. Partiduak 22 tantora jokatuko dira eta bikote irabazleak zuzenean finalera pasako dira.
Finalaurrekoak ikusteko sarrera doan izango da eta Euskal Telebistak zuzenean eskainiko ditu bi partiduak bere lehen katetik. Udal arduradun eta antolatzaileek deialdi berezia egin dute pilota zaleak eta jendea orokorrean partiduak ikustera etorri daitezen.