Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kirola

Emakumeen binakako pilota txapelketa jokatuko da Beasainen igande honetan

2022/01/26

Kirola eta berdintasuna uztartuz, Euskal Herriko emakume pilotari onenak izango dira lehian Antzizarren

Kirola eta berdintasuna uztartuko ditu igande honetan jokatuko den emakumezkoen eskuz binakako Eusko Label txapelketaren pilota partiduak. Antzizar kiroldegian burutu den aurkezpenean Leire Artola alkatea, Amets Arrospide berdintasun zinegotzia, txapelketaren antolakuntzako ordezkariak pilotariekin batera agertu dira xehetasunak emanez.

Emakumezkoen binakako pilota txapelketak ligaxkaren seigarren eta azkenaurreko jardunaldia jokatuko du Antzizar kiroldegian. Txapelketa Beasainen jokatzeak hainbat helburu betetzen dituela adierazi du Leire Artola alkateak; Udalak bertako kirolak sustatzeko duen konpromisoarekin bat dator, esku pilota gure nortasunari lotutako kirola baita eta era berean berdintasun irizpideei jarraituz gizonezkoen pilota jaialdien antzera emakumezkoenak ere antolatu eta sustatzeko konpromisoa hartu du honela udal gobernuak. Berdintasunaren aldeko bidea denok elkarrekin egin behar dugula normaltasunez erantsi du alkateak. 

Euskal Herriko emakume pilotaririk onenak aurrez aurre izango dira igandean Beasainen, hauen artean Maite Mujika beasaindar jatorria duena. Ekitaldi honekin bezala, udal arduradunek azpimarratu nahi izan dute pilotan bezala beste kiroletan emakumeen presentzia bermatzeko antolatu direla ekitaldiak. Hala nola futbolean, pilotan duela bi urte Master Cup txapelketa, herri kiroletan Urrezko aizkolarien ekitaldian, txirrindularitzan, saskibaloian eta atletismo probetan San Silbestre proban sariak berdinduz. 

Jaialdiari buruzko argibideak xehetzerakoan antolakuntzako ordezkariek azaldu dute jaialdia 12:00etan hasiko dela. Ordu erdi lehenago Murumendi pilota eskolako haurren partidua jokatuko da. Txapelketaren ligaxkako azken aurreko jardunaldian jokatuko diren bi partiduak hauek izango dira: Etxekolonea-Mujika, Kortazar-Eceizaren aurka eta Iantzi-Etxenike, Etxeberria-Iraetaren aurka. 

Eusko Label emakumezko binakako txapelketa nagusia abenduan hasi eta otsaila arte luzatuko da. Ados elkarteak antolatuta, frontoian emakume onak ere badirela erakutsi nahi da, afizioa sortu eta pilotalekuak betetzea lortu. Lehen aldia da horrelako binakako txapelketa bat antolatzen dela promozio eta lehen mailan. Orotara 22 pilotari, ligako 27 partidu, final laurdenetako bi, hiru finalerdi eta bi final handi jokatuko dira.

pilota emakumeak 20220126 2 web