Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kirola

Emakumeen binakako pilota txapelketa Beasainen igande honetan

2024/02/27

Emakumeen eskuz binakako txapelketa profesionaleko bi partida jokatuko dira Antzizar kiroldegian 

Udalak kirola eta berdintasuna uztartu, Euskal Herriko emakume pilotari profesionalei ikusgarritasuna eman eta afizioa sortzea du helburu  

Kirola eta berdintasuna uztartuz, emakume pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketaren bi partida zuzenean ikusteko aukera izango da igande honetan goizeko 11:30etik aurrera Antzizar kiroldegian. Beasaingo Udala eta Ados pilota elkartearen lankidetzari esker, lehen mailako emakume pilotarien arteko neurketa bertatik bertara jarraitu ahal izango da. 

Antzizar kiroldegian burutu den aurkezpenean Leire Artola alkatea, Elena Ruiz kirol zinegotzia, eta Ados emakumeen pilota elkarteko (emakume pilotari profesionalak biltzen dituen elkarte bakarra) ordezkariak, Maite Ruiz de Larramendi eta Oihana Orbegozo izan dira xehetasunak ematen.

Emakume profesionalen txapelketa

Txapelketa Beasainen jokatzeak hainbat helburu betetzen dituela adierazi du Leire Artola alkateak; Udalak bertako kirolak sustatzeko duen konpromisoarekin bat dator, esku pilota gure nortasunari lotutako kirola baita eta era berean berdintasun irizpideei jarraituz gizonezkoen pilota jaialdien antzera emakumezkoenak ere antolatu eta sustatzeko konpromisoa du udal gobernuak. Berdintasunaren aldeko bidea denok elkarrekin egin behar dugula normaltasunez erantsi du alkateak. 

Emakume pilotariak profesional izateko bidea urratu du Ados elkarteak pilotan ere parekidetasuna lortze aldera. Hirugarren urtea da gutxienez Ados elkarteak Beasainen emakumeen pilota partiduak antolatu dituela. 

Ekitaldi honekin bezala, udal arduradunek azpimarratu nahi izan dute pilotan bezala beste kiroletan emakumeen presentzia bermatzeko antolatu direla ekitaldiak. Hala nola futbolean, pilotan duela bi urte Master Cup txapelketa, herri kiroletan Urrezko aizkolarien ekitaldian, txirrindularitzan, saskibaloian eta atletismo probetan San Silbestre krosean sariak berdinduz. 

Lehia estuko txapelketa

Emakumezkoen binakako pilota txapelketak ligaxka bigarren itzulian aurkitzen da jada. Zazpi bikote daude elkarren artean lehian eta joaneko eta itzuliko partidak jokatzen ari dira. Zazpi bikotetik laur pasako dira final erdietara eta oso parekatua izaten ari da txapelketa Ruiz de Larramendi eta Orbegozoren hitzetan. “Lehen lau bikoteak nortzuk izango diren jakitea ez da batere erraza”. 

Euskal Herriko emakume pilotaririk onenak aurrez aurre izango dira igandean Beasainen, hauen artean Maite Ruiz de Larramendi Mujika beasaindar jatorria duena eta Beasain Kirol Sarietan ohorezko kirol ibilbideari saria jasotakoa iaz. Jaialdiari buruzko argibideak xehetzerakoan antolakuntzako ordezkariek azaldu dute jaialdia igandean martxoaren 3an, 11:30ean hasiko dela. Ordu erdi lehenago pilota eskolako haurren partiduak jokatuko dira. Txapelketako bi partiduak hauek izango dira, Etxekolonea eta Mendiburu, Etxebeste eta Zabalaren aurka. Eta bigarren partiduan, Arrieta eta Ruiz de Larramendi Mujika, Ruiz de Infante eta Galeanoren aurka. Frontoian emakume onak ere badirela, afizioa sortu eta jendea pilotalekuetara erakartzeko, nabarmendu dute antolatzaileek. 

ados pelotajpg

kartela pilota emakumeak