Fitness gimnasioaren osagarri izango da eta honen erabiltzaile-kopurua arinduko du
Areto berriak kiroldegiko instalazioen eskaintza handituko du kalitatezko azpiegiturekin zerbitzu hobea emanez pertsonen osasunean eta ongizatean eragiten jarraitzeko
Beasaingo Antzizar kiroldegiak areto berri bat egokitu du bere kirol eskaintza handituz. Power gimnasio berria, oraingo fitness gimnasioaren osagarri izateko helburuarekin eraiki da honela eskaintzaren azalera %30 igoz. Espreski indarra lantzeko gunea izango da eta erabiltzaile kopuruari dagokionez 30 pertsona gehiago hartzeko gaitasuna izango du fitness gimnasioari honela arnasa emanez.
Eskaera eta beharrak kontuan hartuta
Instalazio berriaren aurkezpenean udal agintariak, kirol teknikariak, eraikuntza proiektuaren egilea eta erabiltzaileak parte hartu dute. Leire Artola alkateak, areto berria zein helburu betetzera datorren azaldu du. Egun, kirola praktikatzen dutenen kopurua handitzen doa eta gorakada honek instalakuntzetan eta bereziki gimnasioan eragina izaten ari da. Erabiltzaileen eskaerak entzunez eta erantzunez, etengabeko hobekuntzaren bidetik gaia aztertu eta konponbidea eman zaio areto berriarekin. Izan ere, herritarrei kalitatezko zerbitzuak eta azpiegiturak eskaintzea da udalaren helburua.
Kasu honetan, udal gobernuaren helburu den ongizate integralaren baitan, kirolak osasunean eta ongizatean eragin zuzena du eta hau bezelako esku hartzeek horretan laguntzen dute neurri batean.
Kirolean ere, diziplina eta jarduera berri eta espezifikoak agertzen diren heinean kiroldegiaren eskaintza ere horretara moldatu behar da. “Orain power gimnasioa egokitu dugu, material eta azpiegitura berri eta egungoenekin eta ia erabiltzaileen gogo eta beharrak asetzeko gai garen eta bide batez ditugun bazkideak fidelizatu eta berriak erakartzen ditugun” erantsi du udal agintariak.
Espazio berria egungo fitness gimnasioaren osagarria denez, honen edukiera handituko du eta ordu jakin batzuetan gertatzen den gehiegizko erabiltzaileen arazoa arintzen lagunduko du.
Indarra lantzeko espazioa
Peru Elosegi kirol teknikariak azaldu duenez, areto eraberritua espreski indarra lantzeko gune berria dela azaldu du. Makina berrien ezaugarriei dagokionez indarra espezifikoki lantzeko kalitatezko eta punta-puntako tresneria berritzailea kokatu da; biomekanika bikainarekin, artisau-doitasunarekin eta aparteko diseinuarekin. Kalitate eta erresistentzia paregabeko indar-ekipoak osatzen dute gimnasioaren eskaintza.
Teknologiarik aurreratuena artisautza tradizionalarekin konbinatuta eta Alemanian eginak. Makinen karga sistema ere ezberdina da, pisu jakina duten diskoen bidez eransten bait zaie makinei altxatzeko pisua. Kontrapisuzko sei makina eta beste sei banku eta jarduera-toki egokitu dira. Pisuzko diskoak, mankuernak, barrak eta euskarriak zenbatuz gero, 158 elementuk osatzen dute gimnasioaren eskaintza, guztiak premium mailakoak. 150 metroko azalera berrian 30 pertsona gehiago jardun daitezke ariketa fisikoa egiten.
Gelaren egokitzapena
Aretoaren egokitzapen prozesua, Miguel Perez, Beasaingo arkitektoaren ardurapean garatu da. Proiektuaren egilearen esanetan espazio guztia insonorizatu eta hartu behar duen jardueraren baldintzetara egokitu da. Dekorazioa ere kontutan hartu da eta ispiluez gain argazki erraldoi batek hartzen du pareta nagusietako bat. Aire egokitua, eta bozgorailu sistema instalatu dira funtzionaltasuna eta erosotasuna partekatuz. Orotara, instalakuntza berriaren aurrekontua 215.000 eurokoa izan da.