Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Igartza Musika Programa egonkortua aurkeztu da

2019/01/15

Ikusle kopurua egonkortzea lortzeaz gain Igartza Musika Programa herriko gune gehiagotara zabaltzea lortu da musika bazter guztietara barreiatuz

Zortzi ekitaldik osatzen dute aurtengo lehen seihilabeteko programa eta dantzarekin eta bertsoekin bat egingo du bi emanalditan

Laugarren edizio honetarako Musikenerekin duen hitzarmena luzatu du Udalak

Beasaingo Udalak kultura eta musikaren aldeko apustu sendoaren konpromisoari eutsiz 2019 urteari dagokion Igartza Musika Programaren egitaraua aurkeztu du Igartzako jauregian. Ohi bezala lehen sei hilabeterako antolatu diren ekitaldiak aurreratu dituzte udal agintari eta antolatzaileek. Beasaindarrak eta bereziki gazteak, musikara erakarri eta gerturatzeko asmoz alor, estilo eta joera anitzeko egitaraua aurkeztu dute Aitor Aldasoro alkateak eta programa egituratzeko ardura duen Xabier Sarasola Loinatz Musika Eskolako irakasle eta arduradunak.

Aurtengo egitarauaren aurkezpenarekin lotuz 2018ko balorazioa eta orain arte ikusle kopuruaren bilakaera eskaini dute Udal arduradunek.

UrteaKontzertu kopuruaAsistentzia
2016 19 kontzertu eta hitzaldia 3.000
2017 18 kontzertu eta hitzaldia 2.978
2018 16 kontzertu eta hitzaldia 3.100

Egonkortu den programa

Igartza Musika Programa urtez urte bere lekua egiten joan da. Datuen arabera, musika zaletasuna herritarrei zabaltzeko helburuarekin bat egin dute herritar askok. Gero eta herriko gune gehiagotara zabaltzen joan da, Igartzako jauregiaz aparte, herriko bi parrokiak, Usurbe Antzokia, kalea (uda partean) eta baita Udazken kulturalean Bernedonean jartzen den karpa ere, musika programatzeko erabili ziren.

2018ko programazioaren artean besteak beste, arduradunek herriko kultur elkarte eta eragileekin partekatu diren egitasmoak eta aurrerapausoa suposatu dutenak aipatu dituzte. Alde batetik,  Loinatz abesbatzak egin zuen ekarpen garrantzitsua, Andoni Sierrak zuzentutako Conductus Ensemble Orkestrarekin batera, Loinatz Abesbatzak  interpretatutako  Mozarten  REQUIEMa (Kontzertu solidarioa, Atzegiren alde). Bestetik, Igartza Musika egitasmora  gazteak hurbiltzeko ahaleginean Beasaingo Udalak eta Jazpana elkartearekin elkarlanean, Bernedoneako karpan  Aitor Etxebarriaren kontzertua.

Musikenerekin Udalak duen Hitzarmen-lankidetzari esker, Igartza Musika beka ekitaldian Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako hamaika ikasleek parte hartu zuten Igartza Musika Beka emateko entzunaldietan. 2019an ere Udalak Musikenerekin duen hitzarmenarekin jarraitzeko asmoa du, bi aldeek adostu bezala eta urte bat gehiago luzatu du eta irabazle horiek  emanaldia eskainiko dute 2019ko  lehenengo ziklo honetan Igartza Musika Programaren baitan eskaintzen diren kontzertuen barruan.

Igartza Musika Programaren laugarren edizioa

2019ko lehen seihilabeteko pdf egitarauari (2.59 MB) hil honen 27an Jokin Lasaren kontzertuak emango dio hasiera. Eta jarraian hauek izango dira hurrengo zazpi emanaldien datak:

Otsailak 24: Iñar Sastreren emanaldia (Igartzako jauregia 19:00) 

Martxoak 10: Donostiako udalaren txistulari taldea (Igartzako jauregia 19:00)

Martxoak 24: Igartza Musika Bekaren saridunak (Igartzako jauregia 19:00)

Martxoak 31: Loinatz abesbatza (San Martingo baseliza 19:00)

Apirilak 6: Eñaut Elorrieta & Kaabestri String Ensemble (Usurbe antzokian, sarrera ordaindua 20:00)

Maiatzak 10: Aukeran dantza konpainia “Biz-hitza” (Igartzako jauregia, sarrera ordaindua 22:00)

Ekainak 14: Eñaut eta Unai Agirre bertsolariak eta Imanol Kamio piano-jolea (Igartzako jauregia 22:00)

Emanaldi ia gehienak doakoak izango dira (Eñaut Elorrieta eta Aukeran konpainiarena ezik). Egitarauari erreparatuz musikarekin batera alor eta estilo ezberdinak partekatzen dituzten emanaldiak osatzen dute egitaraua, bertsoak, dantza eta bakarlari zein taldeak izango dira protagonistak.


Igartza Musika Kartela20190127 copia