2009 eta 2016 urteen artean jaiotako haurrentzako euskararen erabilera indartzeko udal zerbitzuak ikasturte berrirako izenematea irailaren 24ra arte du zabalik
Ikasturte berriaren hasierarekin batera, egungo udal gobernuak duela bost urte martxan jarritako euskararen erabilera indartzeko zerbitzuak irekita dauka 2020-2021eko ikasturterako izena emateko epea.
Doako den zerbitzu honetan izena emateko Loinazko San Martin plazaren azpian dagoen espaziora joan behar da goizez 10:30-12:30 bitartean. Covid 19ak eragindako egoera medio jende pilaketarik gertatu ez dadin, aldez aurretik informazioa jasotzeko 653 446862 telefono zenbakira deitu daiteke aipatutako orduetatik kanpo. Dokumentazioa uzteko azken eguna irailaren 24a da.
Zerbitzua, egungo udal gobernuak duela bost urte martxan jarritako egitasmoa da eta euskararen jakintza eta erabilera haurren artean indartzea du helburu. Hartzaileak herriko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak dira eta astelehenetik ostegunera arratsaldez eskola orduetatik kanpo adinaren arabera banatutako txanda ezberdinetan jasoko dute zerbitzua.
Segurtasun eta babes neurriak betez
Egungo osasun alerta egoerak behartuta, babes eta segurtasun neurriak betez eskainiko da arreta zerbitzua Ezkiaga auzoko eta Loinazko San Martin plaza azpiko espazioetan. Horrela bada, haur zein hezitzaileek, irakaskuntza jarduera modu normalizatuan garatuko dute Covid 19aren eraginez prestatutako kontingentzia plana jarraituz.
Orohar, ondorengo neurrriak beteko dituzte; taldeak ez dira haien artean nahastuko bakoitzak bere espazio mugatua izanez. 15 erabiltzaile izango dira txanda bakoitzeko gehienez. Higieneari dagokionez espazioen eta materialen garbiketa burutuko da aldioro. Maskararen erabilera lehenetsiko da eta ohi bezala gaixotasunaren sintomak izanez gero ezin izango da inor saioetara bertaratu.
Asistentzia derrigorrezkoa izango da, eta aurreko ikasturteetan bezala ikasleen bertaratzeari jarraipena egingo zaio.
Euskararen jakintza eta erabilera sustatzea helburu
Udal gobernuak legegintzaldiko helburu nagusien artean hizkuntza politikarekin eta euskararen presentzia eta normalizazioarekin lotura zuzena duen egitasmoari segida ematen jarraitzen du. Herriko ikastetxeekin elkarlanean, gaztetxoenen artean euskararen jakintza eta erabileran zailtasunak dituztenei doakoa den zerbitzua eskaintzea izan du xedea. Hargatik, ikastetxeek behar hori duten erabiltzaileak atzeman eta zerbitzura bideratzea izan da lehentasuna.
Zerbitzua ematearen ardura Ttakun enpresa lasartearrarena da. Euskara eta euskal kulturaren sustapenean eskarmentu haundia duen elkartea. Azken urteetan bataz beste guztira 150 haur izan dira zerbitzu honen hartzaileak. Eskaintzari dagokionez, oro har, haurrei laguntza eskaintzen zaie euskararen ikuspegitik, eskolako lanetan eta euskararen lanketa eskatzen duten dinamika eta jolasetan.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei Udal Euskaltegiak eskaintzen duen euskararen errefortzurako zerbitzuari dagokionez urrian hastea espero da.
Zerbitzuaren ordutegiak
Ezkiaga auzoko aretoa | Astelehena/Asteazkena | Asteartea/Osteguna |
---|---|---|
16:30-18:00 | HH4 – HH5 | HH4 – HH5 |
18:15:19:45 | LH1 – LH2 | LH1 – LH2 |
Loinazko San Martin plazako aretoa | Astelehena/Asteazkena | Asteartea/Osteguna |
---|---|---|
16:35-18:05 | HH4 – HH5 | HH4 – HH5 |
16:45-18:15 | LH1 – LH2 | LH1 – LH2 |
18:20-19:50 | LH3 – LH4 | LH3 – LH 4 |
18:30:20:00 | LH5 – LH6 | LH5 – LH6 |