Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Igunean eskuragarri dago iada 2023ko udal egutegia

2022/12/15

Egutegia osatzeko antolatutako argazki lehiaketako sarituekin batera aurkeztu du Udalak datorren urteko egutegia 

Euskarazko udal egutegiak euskararen presentzia bultzatzeaz gain udalerriko ohiturak, tokiak eta jendartea erakustea du helburu

Beasaingo Udalak, ohikoa den bezala, urteko egutegia doan eta euskara hutsean eskaini nahi die herritarrei eta gertukoei, hizkuntzaren ezagutza eta presentzia indartze aldera. Honez gain, besaindarren artean harrera ezin hobea duen egutegiak, zeharka beste funtzio batzuk betetzera etorri da azken garaian: helburu didaktikoa edota herriko jendea, zaletasunak, kirola, txokoak, ohiturak, ondarea eta abar ezagutaraztea.

Egutegia eratzeko, Udalak, argazki lehiaketa antolatzen du bai azalerako irudia eta baita ere hilabete bakoitzerako erabiliko diren argazkiak aukeratzeko. 2023ko udal egutegia osatzen duten argazkien gaia “Ikusten zaitut” izan da. 

Egutegia osatzeko aukeratutako argazkiak 13 izan dira (aurkeztutako 50etik), azala eta urteko hamabi hilabeteak, eta saritutako argazkien egileak eta jaso duten saria hau izan da: Manu Barreiro Rodriguez (ekaina -60 euro-), Lourdes Losada Prado (azaroa -60 euro-), Miguel Cavero Carazo (apirila, uztaila, urria -180 euro-), Laura Companys Blanco (urtarrila, abendua, -120 euro-), Francisco Javier Quiros (abuztua -60 euro-), Jose Enrique Ripa de Bobadilla (maiatza -60 euro-), Jose Angel Amuchastegui Esnaola (martxoa, iraila -120 euro-), eta Jose Miguel Romero Barco (azala eta otsaila -120 euro-). 

Lehiaketan aukeratuak izan diren argazkietako egileekin batera aurkeztu da egutegi berria eta hemendik aurrera edonork eskuratu ahal izango du Igunean, herritarrentzako informazio eta arreta bulegoan. 

2024rako zahartzaro aktiboa Beasainen

2024ko egutegian, pertsona zaharrenek gizartean duten papera nabarmendu nahi da, eta zahartzaroa gozatzeko, bizitzeko eta aktibo mantentzeko gogoa ere funtsezkoa dela adierazi nahi da. Horregatik guztiagatik, adinekoak horrelako egoeretan dauden argazkiak jaso nahi dira: ariketa fisikoa egiten,  sozialki erlazionatzen, beren adinera egokitutako jardueretan parte hartzen, beren familia eta lagunekin. Argazki guztiak Beasainen ateratakoak direla edo Beasain dela ondo ikusaraztea ezinbestekoa da.

Aipatu, Udalak bere webgunean azken urtetako egutegiak euskarri digitalean zintzilikaturik dauzkala edonork ikusi eta eskuratzeko.