Azken urteetan gertatzen ari zen jende pilaketak behartuta, dantzan parte hartzen dutenen kopurua mugatzeko erabakia hartu du antolakuntza taldeak
Oholtza gainean 40 pertsona izango dira eta honen inguruan 300 gehienez. Dantzan irtengo direnek ekitaldirako espreski sortu den zapia eramango dute lepoan eta entseguetan banatuko da
1990tik Loinatz jaiei hasiera ematen dien Mariren jaitsierak aldaketak izango ditu bere antolakuntzan. Batik bat oholtza gainean eta honen inguruan dantza egin behar dutenei eragingo die. Hala adierazi dute agerraldi bidez Beasaingo Udaleko alkateak Leire Artolak eta Mariren jaitsieran parte hartzen duten antolakuntza taldeko eta elkarte ezberdinetako ordezkariek udaletxean egin duten agerraldian.
Alkatearen esanetan, Mariren jaitsierak 34 urte beteko ditu aurten eta ezbairik gabe ekitaldi berezi, kuttun, arrakastatsu eta jendetsuena bilakatu da. Jaietan errotu den ekitaldi honek festaren lehertzea dakar, dantza, musika, antzerkia eta tradizioa biltzen ditu ikuskizun bakarrean. Beasaindarrentzat eta bereziki gazteenentzat, hutsik egin ezin daiteken hitzordua da. Antolatzaile eta partaideen lana aitortu eta balioan jarrita, alde on guztiez gain beste batzuk ez hain onak ere ekarri dituela berarekin aipatu du eta horiek zuzentzeko neurri berriak aurkeztera datozela azaldu du.
Kopuru mugatua
Ekitaldia koordinatzeaz arduratzen den Arrano Kultur Elkartearen izenean, Jose Ramon Iraolak azken urteetan izan diren zailtasunak azaldu ditu. “Pertsona kopurua gehiegizkoa zela ohartuta geunden, bai oholtzan bai oholtzaren inguruan dantza egiten zutenak. Oholtza gainekoa 40ra mugatu dugu baina oholtzaren inguruan dantza egiten zutenen kopurua ez da jaitsi. Hori nolabait mugatzeko beharrak eraginda bildu gara pare bat aldiz eta aurten neurri batzuk hartuko ditugu froga gisa” aipatu du. Segurtasuna eta kalitatea dira irizpide nagusiak Iraolaren iritziz eta horik bermatu behar dira erorikoak edo sua piztean ezbeharrak gerta ez ditezen.
Bi koloretako zapiak parte hartzaileentzat
Aurtzaka dantza taldeko Naiara Azurmendik hartuko diren neurrien berri eman du. Oholtza gainean zein honen inguruan dantza egingo dutenek kolore jakin bateko zapiak eramango dituzte, aipatu du. Zapi horiek lortzeko antolatu diren entseguetara etortzea beharrezkoa izango da.
Entseguak egun hauetan izango dira: apirilaren 26an eta maiatzaren 3an 19:00etan Antzizar kiroldegian eta egunean bertan maiatzaren 10ean 20:00etan plazan. Oholtza gainean 2007. urtean jaiotako 40 dantzarik dantza egingo dute eta oholtzaren inguruan 300 dantzariei banatuko zaie zapia. Zapirik lortzen ez dutenak, Kale Nagusian, plaza ondoan dantza egiteko aukera izango dute.
Neurri hauekin, dantzaren kalitatea hobetzeaz gain, plazan sartuko diren dantzariak ere kontrolpean edukitzea espero da. Honela, ikuskizunaren kalitatea eta ikusgarritasuna hobetu eta dizdira mantentzea espero da.
Loinatz abesbatzako Belen Callejok eta Antzerki taldeko Anita Alonsok, gaineratu dute oholtza inguruan sortzen den istillua eta zarata gutxitzea espero dute. Honela, abesbatza kantuan aritzen denean eta Marik pregoia zabaltzeko unean argi entzun dadin lagunduko du.