Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

“Haurren Hiria” udal proiektu berriak haurren parte hartzea sustatuko du udalerrian

2019/11/12

Beasaingo Udalak sustatuta “Haurren Hiria” proiektuak udalerriarekin zerikusia duten gaietan haurren parte hartzea bultzatuko du

“Haurren Hiria” proiektuarekin, Beasain haurren parte hartzea bultzatuko duen helburura batuko da. Txikienei ahotsa emateaz gain, Udalak antolatzen dituen ekimenetan euren iritziak eta beharrak kontutan hartzea izango da helburua baita ere. Hala adierazi zuen aurkezpenean Leire Artola alkateordeak egitasmo hau aurrera eramango duten Ttiklik eta Laia elkarteetako arduradunekin.

Alkateordearen hitzetan egitasmoa hau, 2018an egindako Beasaingo haur eta nerabeen diagnostikoa egin ondoren ateratako emaitzetan oinarritu da. Beasaingo haurren parte hartzea sustatuko duen eredu bat aukeratzerakoan Italian sortutako Haurren Hiria egitasmoa hartu zen kontutan. Euskal Herrian badira zenbait udalerri lanean ari direnak duela urte batzuk eredu honekin. Udal arduradunak bertatik bertara ezagutu dituzte esperientzia hauek eta proiektuaren sortzailearen azalpenak ere jaso zituzten Beasainen eredu hau martxan jarri aurretik.   

Itxaro Mendizabalek Ttiklik-en izenean eta Laia enpresako Leire Garmendiak proiektu honi buruzko xehetasunak eman dituzte jakitera Beasaingo udaletxean egindako aurkezpenean. Francesco Tonucci-ren La Città dei Bambini (Haurren Hiria) proiektuan oinarrituta dago ideia nagusia. Egitasmo honen helburua, Beasaingo haurrei hitza ematea da, herria eta herrian egiten diren ekintzen inguruan beraien iritziak kontuan hartzea. Beasainen bizi diren 8-12 urte bitarteko haurrei entzun nahi zaie, protagonismoa eman .

“Haurren Hiria”

Erromako haurren kontseiluko gazte batek honakoa esan zion bere hiriko alkateari: “Etxetik ateratzeko baimena eskatu nahi diot hiriari”. Gogoetarako tartea ematen duen eskaera da. Hirietako espazioa antolatzeko erak txikienei kalte egin ziela uste zuen haurrak. Francesco Tonucci pedagogoak Haurren Hiria proiektua abiatu zuen Fano (Italia) jaioterrian, eta ordutik, mundu osoko hamaika herri murgildu dira proiektu horretan. Baita Euskal Herriko hainbat herritan ere.

Esperientziak jaso, zabaldu eta koordinatzeko asmotan, haurren hirien sarea ere osatu nahi da. Azken finean, “hiria oso deseroso bihurtu da gizonezko heldu eta langile ez direnentzat” Tonucciren esanetan. Ekimen hau aurrera eramateko ezinbestekoa da herrian dauden ikastetxeetako 8-12 urte bitarteko haurren inplikazioa, beraiek baitira Haurren Hiriaren bihotza.

Metodologia

Ikastetxe bakoitzetik gehienez 6-10 haurreko taldea izango da Haurren Kontseilua deritzona osatuko duena eta talde honekin urtean zehar herriko leku ezberdinetan egingo diren 4 topaketetan beraien agenda propioa sortzeko dinamika desberdinak egingo dira, 2020ko maiatzerako, udalaren aurrean aurkezteko agenda-proiektu bat izatea baita aurten lortu nahi dena.

Kontseiluan dauden haurrek, topaketa hauetan jasotakoa ikasgelara eramango dute, eta taldean, modu horizontalean, landutako gaiaren inguruko emaitza eta ondorioekin etorriko dira hurrengo topaketara. Maiatzaren 9an proiektuaren lehen urteak emango dituen emaitzak Udalari aurkeztuko zaizkio eta jai batekin ospatzeko asmoa dago.

Haurren Hiria proiektuan haurrak protagonistak badira ere, helduei bidelagun izatea tokatzen zaie eta hau etxeetatik hasita ikastetxeetaraino zabaltzea da beharrezkoa.

Informazio gehiago

Logoa haurren hiria PHOTO 2019 09 10 09 29 56 udala