Honekin batera Trenbide kaleko parkea eraberritzeko obra burutuko da
Gobernu batzordean Beasaingo ibaietako landare inbaditzaileak eta garbiketa kontratatzeko baldintza pleguak ere onartu ziren
Beasaingo Dolarea parkean haur parke inklusibo bat gauzatzeko eta Trenbide kaleko haur parkea berritzeko obra eta hornidura, Hags Swelek, S.A. enpresari esleitzea onartu du udal gobernu batzordeak. Esleipen prezioa 159.100,48 eurokoa da (BEZ barne) eta egikaritze epea 8 astekoa izango da. Lanak hilabete barru hastea aurre ikusten da.
ASPACE elkarteko gurasoek egindako eskaera abiapuntu izanda, haur-jolas inklusiboak parkean kokatzeko erabakia hartu zuen Udalak. Izan ere, orokorrean nahiko urriak dira desgaitasun maila desberdina duten haurrentzat egokiak diren jolasak. Elkarteak parkearen ondoan du egoitza eta erabiltzaileentzako mesedegarria izango da azpiegitura hau eraikitzea.
Edozein kasutan, jolas gune berriaren helburuak elkarteko erabiltzaileen beharretatik haratago doaz, beasaingo gaztetxo orori jolas eskaintza bereizgarri bat eginez. Horrela, guneak ohe-elastiko multzo bat eskeiniko du, kolunpio inklusibo eta gurpildun aulkien erabiltzaileek gozatu ahal izango duten errota batez gain.
Ez da burutuko den obra bakarra izango haur parkeei lotuta. Trenbide kalean dagoen haur parkeak duen berritze premia ikusita, lan hau ere Dolarea parkean egingo direnei batu zaie. Kasu honetan, gunearen eskaintza txirrista, kolunpio, txirrindudun errota eta eskalagarriak diren kubo erako egitura batzuez osatuta egongo da.
Hobekuntza eta mantenu lanek duten garrantziari jarraiki, eremu baztertu eta degradatua zen Dolarea parkea biziberritzeko helburua beteko du Udalak. Akupuntura urbanoaren filosofiari jarraiki, espazio honetan esku-hartuz ikusgarritasun eta balio erantsia eman zaio guneari, aisialdirako erreferentzia leku bihurtuz. Proiektuaren ildo nagusiak ezarri zituen herritarren parte-hartze prozesu baten ondorioz burutua izan da.
Honela bada, udalerriko haur parkeetan Udala egiten ari den esku hartzearen barruan kokatzen dira lan hauek. Urte hasieran Ezkiaga parkean jarri ziren haur-jolas berriak. Murumendi eskolan natura inspirazio duen jolas gunea kokatu da eta hilabete honetan Ixabel Olano parkea berritzeko lanak hasiko dira.
Ibaien garbiketa eta landarediaren kontserbazio lanen baldintza pleguak onartuta
Beasaingo Udalak aspaldidanik dihardu erreka garbiketak lanak eta landare inbaditzaileen erradikazioa egiten. Lan hauek Beasaingo erreka degradatuak leheneratu, garbitu eta egoera ekologiko hobean jartzea dute xede. Proiektuaren helburua bat dator bete-betean Euskadiko Biodibertsitate estrategiarekin. Horregatik eginkizun hau kontratatzeko baldintza pleguak onartu dira gobernu batzordean.
Beasaingo udalerriko Agauntza, Estanda eta Oria ibaiak baldintza eta egoera egokian mantentzeko zerbitzua kontratatzea da gobernu batzordean onartu diren baldintza pleguen helburua. Funtsean, eginkizun hauek bete beharko dira; Agauntza, Estanda eta Oria ibaiko landare inbaditzaileen erradikazioa, ibarbasoa leheneratzea bertako landareekin, ibai hauetako zaborra garbitzea, eta ekintza hauen dibulgazioa eta auzolaneko jardunaldiak egitea. Lan hauek sei hilabetean zehar burutuko dira eta kontratazioa bi urtekoa izango da urtez urtez beste bi luzatzeko aukerarekin. Urteko kostua 40.000 eurokoa izango da (BEZ barne).