Gizarte ongizate saileko dirulaguntzetan, helburu solidarioa dutenez gain, udalerrian gizarte arloan lan egiten duten elkarteei eta bertan bizi diren pertsona eta familiei zuzendutakoak aurkitzen dira
Kultura, euskara, kirola, merkataritza eta genero berdintasunarekin lotutako hainbat laguntzen oinarriak onartu dira
Udal eraikinetatik amiantoa kendu beharrari buruzko ASVIAMIE elkartearen mozioa aho batez onartu zen
Otsaileko osoko bilkurak hainbat dirulaguntzen oinarrien onespena ekarri zuen. Garrantzitsuenak gizarte ongizate sailari zegozkionak izan ziren. Badira jadanik legealdi batzuk Beasaingo Udalak lankidetza egitarau ezberdinei bere aurrekontuko diru-sarrera arrunten %1a zuzentzen duena. 2023 urterako, sarrera arrunten %1a 185.000 eurotakoa da gutxigorabehera.
Udal talde guztiek aho batez onartuta, honela banatuko da zenbateko hau: %70 garapen proiektuetarako (129.364 euro: %45 euskal fondoa eta %25 garabide elkarteari). gainerako %30 lankidetza ekintzetarako (55.430,14 euro: %23 Garatze bidean dauden herrialdeei zuzendutako larrialdietarako edo ekintza gizatiarrentzako laguntzak -42.502 euro- eta %7 garatze bidean dauden edo zoritxarren bat jasan duten herrialdeetatik datozen adingabeen denboraldirako harrera programarako -12.950 euro-. Proiektu bakoitzeko, gehienez, 15.000 €-ko diru-laguntza emango da, eta proiektua 2023. urtean hasi eta amaitu beharko da. Dirulaguntzetara aurkezteko epea ekainaren 30ean amaitzen da.
Gizarte arloan lan egiten duten elkarteentzat dirulaguntzak
Udalak zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboen beharrei aurre egitea eta arazo espezifikoak konpontzen lagunduko duten ekintzak sustatzea helburu hartuta, aurrekontuetan 92.000 euroko kreditua kontsignatu da “Erakundeei diru laguntza” emateko.
Laguntza hauek Beasainen jarduten duten eta arreta egoitza iraunkorra Beasainen duten elkarteentzako dira, gizarte arloko programak eta proiektuak (eremu soziosanitario, desgaitasuna eta gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako, elkartasuna sustatzeko sentsibilizazio ekintzak, eta pertsona adineko eta jubilatuei zuzendutakoak) garatzeko eta elkarteen funtzionamendu-gastu arruntentzat. Dirulaguntza hauetara aurkezteko epea apirilaren 30 artekoa izango da. Oinarriak EAJ (10) eta PSE (2) taldeen aldeko botuekin eta EHBilduren (5) abstentzioarekin onartu ziren.
Pertsona eta familientzako gizarte laguntzak
Gizarte-babeseko beste sistema batzuek edota laguntzak (Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, DBE…) estali ezin dituzten oinarrizko gastuei aurre egiteko nahiko baliabide ekonomikorik ez duten pertsonak daudela jakinik, Udalak laguntza ekonomikoak ematea erabaki du aurten ere. Oinarrizko gastuak dira bizitza duina izateko ezinbestekoak direnak, alegia, osasuna, higienea, etxebizitza eta beste hainbat arloren ingurukoak. Mota honetako gastuei aurre egiteko, bere hartzaileen integrazio soziala eta autonomia errazteko, gizarteratzeko prozesuan laguntza emanez edo beren mendekotasun, gizarte-bazterketa edo babesgabetasun egoeratik eratorritako premien aldi baterako estaldura bermatuz. Laguntza hauek onartzeko alde agertu dira EAJ (10) eta PSE (2), eta EHBildu (5) abstenitu da. 7.500 euroko kreditua dago aurreikusita helburu horretarako beharrezkoa balitz eskaeren arabera handituko litzatekeena.
Bestalde, mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonek estimulazio eta errehabilitazio programentzat laguntzak jasotzeko oinarriak aho batez onartu dira. Gipuzkoako Foru Aldundia arreta goiztiarreko zerbitzua ematen ari da garapenean atzerapena edo zailtasunak dituzten 0 eta 6 urte bitarteko adingabeentzat. Hala ere, familia askok estimulazio- edo errehabilitazio zerbitzu pribatuekin jarraitzen dute, Aldundiak eskainitakoa amaitu ondoren, beren seme-alabek autonomia-maila handiagoa lor dezaten, eta hori gastu handia da familia-ekonomiarentzat. Aldundiak eskainitako prestazioa osatzeko, Beasaingo Udalak estimulazio/errehabilitazio programak egiteko diru laguntzak ematea erabaki du, 6 urtetik 25 urte bitarteko beasaindar mendeko edo desgaientzat.
Arrisku edo mendekotasun egoeran dauden adinekoen autonomia sustatzeko tailerrak emateko zerbitzua Lahar Elkargoari esleitzea aho batez ere onartu da. Egikaritze epea hiru urtekoa da, urte bateko bi luzapeneko aukerarekin.
Kultura, euskara, kirola, merkataritza eta genero berdintasunarekin lotutako laguntzen oinarriak ere onartu dira, guztiak aho batez. Hala nola, tokiko enplegua eta ekonomia sustatzeko helburuz coworking gunea erabiltzeko laguntzak; merkataritzan tokiko produktuak merkaturatzeko azokari bultzada eman asmoz, ekoizleentzako laguntzak; Beasaingo udalerrian merkataritza arloan lan egiten duten elkarteentzat dirulaguntzak eta emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzen duten elkarteentzako dirulaguntzak.
Amiantoa udal eraikinetatik kentzeko mozioa
ASVIAMIE elkartearen eskutik udal gobernuak aurkeztutako mozioa aho batez onartu zen. Mozioan, amiantoak eragindako kalte hilgarriak onartzeaz gain, udal instalazioetan egon daiteken amiantoaren errolda egiteko eskaera egiten da aurtengo urriaren 1erako eta 2028ko urtarrilaren 1erako amiantoa kentzeko lanak burututa egon daitezela. Era berean, udaleko gizarte zerbitzuek, amiantoren biktimei eta eta haien senideei aholkularitza eta laguntza emateko konpromisoa hartzen dute. Udal gobernuak 2022ko abenduaren 1ean, 2023ko aurrekontuen onespenean amiantoari buruzko inbentarioa egiteko diru-lerroa (18.000 euro) iada aurreikusi zuen eta eginkizun hauek burutzeko konpromisoa hartu du.
Euskararen aurkako eraso judizialaren aurrean EHBilduk aurkeztutako mozioa onartu zen EAJ (10) eta EHBilduren (5) aldeko botuekin eta PSEren (2) aurkako bozekin. Bertan, Euskadiko Administrazio guztiei eskatzen zaie jarrai dezatela orain arte euskararen normalizazioarekin eta euskal herritarren hizkuntza-eskubideen defentsarekin erakutsitako konpromisoarekin.
Martxoaren 8ko adierazpenaren inguruko mozioei dagokionez, udal gobernuak EUDELen adierazpena aurkeztu zuen, aho batez onartua, eta EHBilduk aurkeztutakoa ez zen onartu. Bozketan, EHBildu (5) alde, EAJ (10) aurka eta PSE (2) abstenitu zen.