Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunean, indarkeria mota honetan jarri nahi da arreta gora egin bait du
Udalak herriko emakume elkarte eta talde feministarekin antolatutako ekintzez gain, Beasain gaztetxoei zuzendutako Beldur Barik lehiaketaren topagune izango da
Azaroaren 25a, emakumeenganako indarkeria matxisten aurkako nazioarteko egunaren barruan, Beasaingo Udalak herriko emakume-elkarte eta asanblada feministarekin bat egin du egun honetako aldarrikapenean.
Udal gobernua eta udala osatzen duten gainontzeko alderdiek urtero egiten den gogoetaz gain, bere konpromisoa berretsi dute emakumeek jasaten duten indarkeria mota honen aurka eta bat egin dute EUDELek zabaldutako adierazpenarekin, non aurten arreta berezia jarri den neska nerabe eta adingabeek jasaten duten bortizkerian.
Adingabeak jomugan
Sexu-indarkeriak adingabeen artean gero eta eragin handiagoa duela azpimarratu eta arreta jarri nahi da, indarkeria mota hori ikusezinena eta normalizatuena baita, eta urtetik urtera gora egiten jarraitzen baitu. Hainbat txostenen arabera, sexu-delituen biktimen % 40 adingabeak dira, gehienak neskak eta nerabeak. Adingabeen sexu-askatasunaren aurkako delituen ehunekoak ere gora egin du. Laguntza espezializatuaren eskaerek ere gora egin duten arren, datuek erakusten dute neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria-adierazpen jakin batzuk antzemateko beren portaeran, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan.
Mugimendu feministak eta adituen arabera, horren arrazoiak genero-ikuspegidun kalitatezko sexu-hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola-inguruneetan gizarte-balio egokiak transmititu ez izana direla adierazten dute. Era berean, ohartarazten dute adingabeen artean genero-mito eta estereotipoak hedatzen ari direla, baita haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidezko sexu-hastapen goiztiarrari buruzkoak ere, ohikoak diren sare sozialetan.
Ondorioz, harreman afektibo-sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren irudi desitxuratua zabaldu da. Sexu-indarkeria hutsaldu eta legitimatu egiten da, emakumeen nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienek eraso sexualetara eta fisikoetara eraman dezakete, baita, muturreko moduetan, emakumeen hilketetara ere.
Honen aurrean, euskal erakundeek eskura dituzten tresna eta estrategiak sustatu behar dituzte, emakumeek eta neskek, beraien desirak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adierazteko askatasun eta segurtasun baldintzak izateko, genero-estereotipoak eta genero-aginduak baztertuz.
Hartara, indarkeria matxista prebenitzeko egiturak, baliabideak adingabeen artean sexu-indarkeria antzematea, arreta goiztiarra, profesionalen prestakuntza, sentsibilizazio programak, eta hezkuntza ez formaleko espazioetatik indarkeria matxistaren aurkako jarrerak indartzeko konpromisoa hartuz hainbat ekintza abian jartzea proposatzen da.
Honela bada, ahalduntze programak, mutilei zuzendutako maskulinitate ereduak edo rol sexistak gainditzeko estrategiak, indarkeria digitala prebenitzeko eta erantzuteko estrategiak dira aurrera eraman beharrekoak. Adingabeekin hezkuntza prozesuak indartzeko, Beldur Barik programa aurkitzen da. Beasain aurten, Beldur Barik herria da eta bertan burutuko da gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko lehiaketaren topaketa sari emate ekitaldia eta tailerrekin.
Ekitaldiak
Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko egunaren inguruan Udalak hainbat eragileekin antolatu duen programa. Hauek dira datozen egunetan burutuko direnak.
Abenduaren 10a arte, Emakumeak eta euskal komikigintza erakusketa zabalik aurkitzen da Igartzako burdinolan.
Azaroaren 25ean, arratsaldeko 18.30tan Indarkeria matxistaren aurkako konzentrazioa Erauskin plazan.
Abenduaren 1ean, Usurbe antzokian Beldur Barik topaketa. Tailerrak, ikuskizuna eta sari emate ekitaldia.