Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Pertsonen ongizatea, tokiko ekonomia eta ingurumenaren zaintza, Legealdi Planaren ardatz

2024/06/28

Beasaindarrak lehentasun hartuta ongizate integralaren alde egiteko xedea berretsi du udal gobernuak agintea hartu eta urte betera

Legealdian garatuko diren helburu eta ekintzek beasaindarren giza-garapena, herriko ekonomiaren sustapena eta ekologia izango ditu jomuga

2023-2027 legealdia duela urte bete jarri zen abian eta Beasaingo Udaleko udal gobernuak lehen urteko balorazioa egin eta bide batez, legealdi osorako egitasmoak eta helburuak aurkezteko aprobetxatu du.  

Aurreko aginte-aldian abiarazitako proiektuak eta orain aurrera begira abian jarriko direnak bat egingo dute, garapen jasangarriaren bidea sendotasunez urratuz eta ingurumena errespetatzen duen udalerri gizatiarragoa eratzeko. Ilusioz eta gogoz, Beasain eta beasaindarraren ongizate integralaren alde egindako bidea urratzen jarraitzeko helburua duten proiektu eta egitasmoak izango dira (Garapen Jasangarrirako Helburuak kontuan izanik), guztira 88. Horietako batzuk iada eginak edo abian eta beste hainbat martxan jarriko dira datozen hiru urteetan.

Udalgintzan oinarrituta, beasaindarren ongizatea eta eurei egokitutako udalerri hobeago bat eraikitzen jarraitzeko konpromisoa du Leire Artola buru duen taldeak. Etorkizuneko Beasain marrazteko jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa izango dira egitasmo guztien lan ardatzak.

Giza garapen jasangarria

Pertsonen ongizatean eragina izango duten zerbitzu inklusibo eta eraginkorrekin bazterkeriarik ez izatea eta udalerri parekideago eta bizigarriagoa eraiki nahi da. Farmazia lagunkoia egitasmoa, Etxez etxeko laguntza zerbitzua hedatzea, eguneko zentroaren indartzea, bazterkeria egoeran daudenei laguntzea, zahartze aktiboa sustatzea eta bereziki gure gizartean hedatua dagoen nahi ez den bakardadea gutxitzeko egitasmoak martxan daude eta jarriko dira.

Udalerri parekideagoa izateko asmo horretan, II. berdintasun plana, emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa edo indarkeria matxistaren aurkako estrategiak landuko dira.

Kalitatezko kultura, euskara eta artearen aterkipean, beasaindarron nortasunaren ikur eta adierazle izateko egitasmoek ez dute etenik izango. Orotariko adierazpideak eta euskara, geurea den hizkuntza ezagutzera eman eta hedatzeko dozena inguru egitasmo badira. Ekimen berrien artean, udaletxearen eraikinaren mendeurreneko ospakizunak eta Gaztelekua berriz ere aktibatuko da.

Etxebizitzak guztiontzat helburupean udalerrian dauden etxebizitza hutsen azterketa zehatza, emantzipaziorako laguntzak eta alokairu programak burutuko dira. Halaber, Ugartemendin eraiki nahi diren alokairurako 92 etxebizitzen proiektuak lehen pausoak ematea espero da legealdiaren barruan.

Parte hartzea bitarteko izango duten ekimenak  arlo asko hartuko ditu tartean espazio publikoen diseinua berriki aurkeztutako Kalelagun proiektua bezala. Zahartze aktiboarekin lotutako proiektuek bere horretan mantenduko dira, gure adinekoen bizi-kalitatea prebentzioaren bidez hobetzeko.

Sustapen ekonomikoa

Eguneroko kudeaketan aurrera eramandako zorroztasuna eta zuhurtzia udal  ekonomia osasuntsu mantentzeko helburua betez jarraitzen du. Honela etorkizunean garrantzi handiko proiektuak abian jarri ahal izango dira Beasain hobe bat izateko. Beasain erreferente bihurtzeko ekimenak izango dira; Olaran talentua erakartzeko gune izateko proiektua, Antzizargo atletismo modulua edo Estanda fundizio lantegiko hondar-beroa kiroldegiko ura berotzeko egitasmoa kasu.  

Enplegua eta tokiko ekonomiari dagokionez, kalitatezko enplegu duina sustatzeko formazio espezifikoari zuzendutako laguntza mantenduko da Goierri Eskolarekin lankidetzan. Tokiko merkataritza dinamizatzeko ekimenen artean takila edo kutxatila sistema eramango da aurrera erosketak errazteko. Bertako produktuen azokan kontsumitzen jarraitzeko sentiberatze kanpainak bere horretan jarraituko dute.

Ingurumenaren zaintza eta kalitatezko espazio publikoa 

Udalerriko espazio publikoa hobetu eta udal eraikuntzen eskaintzan aurrera pausoa emateko, San Inazio-Esteban Lasa ardatzeko eraberritze lanak martxan dira, ingurua  sozialki eta komertzialki eremu hau biziberritzeko. Irisgarritasuna, bide segurtasuna eta gune atseginago bat bilakatzea dira proiektuaren ardatzak.

Barrendain plaza birgaitzeko proiektuak Kalelagun egitasmoaren bidez, espazio publiko partekatua izateko herritarren eta unibertsitate zein beste erakundeetako adituen aholkularitza eta parte hartzea jaso du. Eta besteak beste sozializaziorako eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko eremua izango da, egitasmoaren eskutik eta irizpide hauekin eraikiko den lehena.

Antzizar kiroldegian kontsumitzen den ura berotzeko Fundiciones del Estanda enpresaren hondar-beroa aprobetxatzeko proiektuaren lanak aurten hasiko dira, ekimen aitzindaria. Gainera, esku-hartze hau egiteko lanak baliatuz, Aldundiarekin lankidetzan Antzizargo biribilgunea egikarituko da.

Krisi klimatikoaren ondorioetara moldatzea helburu duten Porteria eremuko Oria ibaiaren ubidea zabaltzeko lanak uda honetan amaituko dira. Bestetik Oriako bide berdea eraikitzeko prozesua ere legealdi honetan gauzatuko den beste proiektuetako bat izango da. Garin auzoko ur saneamendurako sarea eraikitzeko proiektuak eman ditu lehen urratsak. Ingurugiroarekin eta bizi kalitateari lotzen zaion beste egitasmoa izango da.

Mugikortasun jasangarriarekin lotutako ekimenak badira. Oinezko metroak udalerrian oinez mugitzearen erosotasuna azpimarratuko du eta bestetik, mugikortasun partekaturako azpiegiturak instalatzeko azterketa martxan da, bizikleta publikoak eskaintzea ahalbidetuko lukeena, besteak beste. Urtean behin, Beasain mugikortasun sektoreko adituen topagune bilakatuko da, EHU/UPV-ko Uda ikastaroen baitan

Energia garbiak ekoizteko trantsizioan, eraikin publikoetan plaka fotovoltaikoak instalatzen jarraitzen du Udalak, azkenak Loinaz futbol zelaian. Sasieta zabortegiko lurretan plaka fotovoltaikoen parkea eraikitzea aurreikusten duen Ekion proiektuak ere eman ditu hasierako pausoak, eguzkiaren energia aprobetxatuko duen beasaindarren kooperatiba osatzeko bidean.

Legealdi amaierarako ere Beasaingo kale argiteriaren %100 LED teknologiara aldatzeko helburua beteko da.

Udal web orrian, Legealdi planaren lan ardatzak, eta helburu estrategiko bakoitzari dagozkion ekintza zehatzak ikusgai daude.