Esku hartze honekin, 2 Km-ko erradioan dauden udal eraikinei autokontsumo kolektibo erako hornidura eskainiko zaie
Auzo-taxi programarako laguntzak onartuta, garraio publikoko zerbitzu erregularrik ez duten landa auzoetan bizi diren beasaindarrei taxi zerbitzua eskainiko zaie
Uztaileko osoko bilkurak ere aho batez onartu du EHBildu udal taldeko Aitor Urdangarinen dedikazioa eta ordainsaria
Etxebizitza eskaintza handitu du berriro hasierako onespena jaso duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak
Gobernu batzordeak hartutako erabakien artean dago Loinatz udal futbol zelaiko harmailen estalkian kokatu den instalakuntza fotovoltaikoaren lanak gauzatu izanaren likidazioa. Instalakuntza, autokontsumo-kolektibo formatuan egin da eta eredu honen arabera, 2 km-ko erradioan aurkitzen diren Udal eraikinak hornitu ahal izango ditu momentuko kontsumo beharren arabera.
Autokontsumorako tokiko energia jasangarria
Loinatz futbol zelaikoa 120 kW-ko potentziadun eguzki plaka fotovoltaikoen instalazioa da. Plakek jasoko duten eguzki energiaren bitartez, urtero 98.105 kWh energia ekoiztea espero da. Udal eraikin guztiek (kiroldegia ezik, bere instalazio propia badu eta) urtean 275.352 kWh kontsumitzen dute. Honela bada, instalazio berriarekin kopuru horren %35 inguru ekoiztea lortuko da. Aldi berean, urteko 45.367 kg CO2 atmosferara ez isurtzea lortuko da, alegia urtean 5.040 zuhaitzek xurgatzen duten CO2 kantitatea.
Instalakuntzaren aurreikusitako bizi iraupena 25 urtekoa izanda, epealdi horretan guztira 1.134.000 CO2 Kg atmosferara ez isurtzea lortuko da. Plaka fotovoltaikoen instalazioaren inbertsioa 86.372,37 eurokoa izan da. EVEtik jasotako dirulaguntzari esker gauzatu ahal izan da. Egungo elektrizitate kostuen arabera, sei urtetan inbertsioa amortizatuko litzateke. Lanak Leycolan S.A.L. enpresak burutu ditu.
Udal gobernuak, ingurumenaren babesa bultzatu eta klima aldaketari aurre egiteko aurreikusitako neurriekin jarraituz, aurtengo udal aurrekontu orokorrean aurreikusi bezala, Beasaingo udal eraikinen energia beharrei aurre egiteko eta udalerriko jasangarritasun energetikoan aurrera pausoak emanez gauzatu du Loinatz Udal Futbol Zelaiko harmailetako estalkian autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa. Gisa honetako lehen instalakuntza Antzizar kiroldegiko estalkian kokatu zen. Hura izan bazen lehena, oraingoarekin udal eraikinen autokontsumorako beharrak asetzeko urrats berri bat eman da.
Herrigunea landa-eremuekin lotzea
2024 urterako auzo-taxi programarako dirulaguntzak arautzeko oinarriak onartzea erabaki du udalbatzaren osoko bilkurak. Dirulaguntza oinarri hauen helburua da Beasaingo herrigunea landa-eremuekin lotzea “auzo-taxi” programaren bidez, jasangarritasun eta irisgarritasun printzipioak kontutan hartuta.
Zerbitzua koordinatzeko helburuarekin, oinarri hauek onartzearekin batera, Udalak hitzarmen bat sinatuko du “Auzo-taxiaren” programari atxikitzeko borondatea azaldu duten Beasaingo taxistekin.
“Auzo-taxi” programa, garraio publikoko zerbitzu erregularrik ez duten landa auzoetan bizi diren beasaindarrak erabili ahal izango dute: Beasainmendi, Arriaran, Garin, Astigarreta, Matxinbenta, Altamira eta Salbatoreko bizilagunak hain zuzen ere. Bidaiak Astelehenetik larunbatera, 07:30etik 20:30era egin ahal izango dira. Proposamena PSE alderdiaren abstentzioarekin eta gainerako alderdien aldeko botoarekin onartu zen.
Aitor Urdangarin zinegotziaren dedikazioa eta ordainsaria
EHBildu udal taldeak egindako eskaerari erantzunez, osoko bilkurak Aitor Urdangarin Irastorza zinegotziaren dedikazioa eta ordainsaria zehaztu ziren. Honela, Beasaingo EH Bilduren udaleko lanaren koordinazioa eta udaleko teknikari ezberdinekin harremanak izateko eginkizunak beteko ditu nekazaritzako jarduera pribatuan aritzeko bateragarritasuna aitortuta. Dedikazioa, 4 ordu/eguneko izango da (lanaldi erdia) eta ordainsariari dagokionez, legealdiaren hasieran udalbatzak onartutako EUDELen irizpideen araberakoa izango da. Proposamena alderdi guztiek aho batez onartua izan da.
HAPO berriro jendaurrean
Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren tramitazioarekin aurrera jarraituz, aldaketen artean, nabarmentzekoak dira Antzizarren txertatu diren 40 etxebizitza gehigarriak edota Lardi zein Arangoitin libreak ziren etxebizitzak tasatuak izatera pasa izana. Bestetik, Ugartemendiko 92 etxebizitzak babestuak izateko proposamena ere mantentzen da.
Behin alegazioei erantzuna emanda, hauen ondorioz aldaketa nabarmenak jasan dituzten eremu eta sektoreak berriro jendaurrean jarri dira. Horrela, Ugartemendi (S1), Arangoiti (A10), Lardi (A11), Trenbidearen Zabalgunea (A13), Antzizar (A24) eta Fleming Doktorea (A34)-ko eremuak 45 lan egunez egongo dira jendaurrean berriro alegazioak jaso ahal izateko.
Osoko bilkurako beste gaiak
Onartu diren gai zerrendako proposamen aipagarrienen artean honako hauek aurkitzen dira: Pello Irizar Aranburu musikagile zenaren familiak udalari bere 10 musika lanen lagapena onartzea; Igartza udal futbol zelaiko tabernaren ustiaketa esleitzea; 2026ko udal egutegia egiteko argazki lehiaketaren oinarriak onartzea eta Uraren Euskal Agentziaren eta Beasaingo Udalaren arteko lankidetza protokoloa onartzea udalerrian dauden ibai-ibilgu eta ertzetan elkarlanean aritzeko. Proposamen guztiak aho batez onartuak izan dira.