Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Pilak biltzeko edukiontziak zahar-berrituta

2021/02/18

Udalerrian zehar sei edukiontzi daude eta martxoan beste bi gehiago jarriko dira

Pilak biltzeko Beasaingo udalerrian dauden edukiontzi guztiak zahar-berritu egin ditu Sasieta manakomunitateak. Margotu eta txukundu direnak sei dira guztira eta honako leku hauetan kokaturik daude; Usategi kalean (Igartza futbol zelaian), Barrendain plazan Adif-eko geltokian, Mariarats kalean Murumendi eskolan, Senpere merkatal zentroan, Erauskin plazan eta Zapatari kaleko biribilgunearen ondoan. 

Horretaz gain, martxoan edukiontzi berriak iritsiko dira eta orduan beste bi gehiago jarriko dira toki hauetan; Ezkiaga etorbideko 12. zenbakian eta Gipuzkoa plazan Lanbideko bulegoen aurrean. 

Zer utzi daiteke pilen edukiontzietan

Pilak uzteko edukiontzietan edozein eratako pilak eta bateriak utzi daitezke. Inoiz ez dira pilak utzi behar birziklagarria ez den errefusarekin batera. Pilak uzteko edukiontzietan ez dira telefonoen kargadoreak eta urrutiko kontrolen gailuak utzi behar. 

Pilen ondorio kutsatzaileak

Pila horien kutsaduraren tamaina irudikatzeko, aski da jakitea horiek eragiten dutela etxeko zaborretan merkurioaren % 93, baita zinkaren % 47, kadmioaren % 48 eta nikelaren % 22 ere.

Zabortegietan pilatuta, denborak aurrera egin ahala, pilek galdu egiten dute babes-karkasa, eta metalak eta haien osagaiak isurtzen dira, eta, azkenean, kutsatu egiten dira lurzoruko lurpeko urak; horrela, gizakiak elikatzeko erabiltzen duen elikadura-kate naturalean sartzen dira. Kalkuluen arabera, merkurio botoi-pila batek, erloju edo audifonoetan erabiltzen ditugunak bezalakoak, 6.000 mila litro ur kutsa ditzake, pila alkalinoa 167.000 litro, zink pila 12.000 litro eta ikatz pila 3.000 litro.

Kutsadura-prozesu hori luzea izan daiteke eta 500 urtera irits daiteke. Hala ere, euriak, beroak eta lurzoruaren azidotasunak pila deskonposatzeko prozesua bizkortzeko joera dute, eta horrek ondorio kaltegarriak ditu ingurumenean eta lurzoruan. Horrela, pila lurrean degradatzen denean, oso kutsagarriak diren elementuak askatzen hasten da, hala nola merkurioa, litioa, beruna edo kadmioa. Elementu hauek, lurrarekin edo urarekin kontaktuan jartzean, planetarentzat oso kaltegarria den degradazio prozesu bat hasten dute.

Guzti honegatik zeharo garrantzitsua da pilak edukiontzi berezi hauetan uztea. Ingurumenarekiko dugun erantzukizunaz jabetu behar dugu. Guztion artean, bilketa selektibo baten eta pilak modu eraginkorrean birziklatzearen bidez lor dezakegu. Pilak birziklatze-planta batera eraman daitezke, eta bertan metal astunak beste metal batzuetatik bereizten dira eta gainerako materialak berreskuratu egin daitezke. (info: Ecolec)