Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Arana kalea biziberritzeko Bonberia kulturgune

2023/03/12

Kultur jarduera anitzen beharrei erantzuteko prestatutako azpiegitura moderno eta balioanitza izatea du xede proiektuak

Leire Artola alkatearen hitzetan “Bonberia kulturgune bihurtzeak, haize berria ekarriko dio Aranari"

Udalaren jabetzakoa den bonberia eraikinari kultur erabilera emateko asmoa udal gobernuaren legealdiko planaren barruan agertzen da. Lanketa ildo desberdinak jorratu ondoren eta herriak kultur ekitaldiak burutzeko dituen beharrak aztertuta, azpiegitura honi erabilpen anitzeko izaera emango dion proiektua landu da.

Bonberiaren birmoldaketarako proiektuak bi helburu nagusiri erantzun nahi die. Alde batetik kultur arloari lotutako dinamikaren barruan, erabilera anitzeko gune berria izatea, non musika, erakusketa, antzerki eta beste hainbat kultur jarduera garatu ahal izango diren. Bestetik, eraikina birgaitzeaz gain, proiektuak Arana kalea herritarrei gerturatu nahi die, beasaindarrontzat topagune bilakatu dadin. 

Helburu hauei jarraiki, Leire Artola alkateak gaineratu du “eraikina birgaitzeaz gain, egitasmoak herritarrak Arana kalera erakarri nahi ditu, beasaindarrontzat ibilbide eta topaleku bilakatu dadin. Arana kalea izan ere, Beasainen nortasun handiko kalea baita aspaldidanik”. 

Kultur jarduera ezberdinak burutzeko espazio balioanitza

Egungo eraikina 100m2-ko azalera libredun espazio bat da. Barruan inolako banaketarik gabe eta altuera libre handi bat eskaintzen duena. Ezaugarri hauek berez aukera oso interesgarriak ematen dizkio, erakusketak, musika kontzertuak, antzerki emanaldiak edo bestelako ekitaldiak bertan egiteko. Aldiz, horrelako ekimenak aurrera eramateko, ezinbestekoak dira gutxieneko biltegia, komuna, office-a eta bestelako espazio gehigarri batzuk. 

Hauexek dira hain zuzen ere proiektuak barneratzen dituen bi proposamen azpimarragarriak: etxebizitzetara ematen duen etxartera zabaldu eta bolumen gehigarri bat atxikitzen zaio eraikinari bertan sarrera nagusia eta biltegia txertatuz eta eraikinaren beste aldean, J.M. Iturrioz atzekaldean, office-a eta komunak barneratuko lituzken espazio bat atxikitzen da.

Kalera irekia

Barneko bereizgarriez gain, eraikina inguruarekin integratzea da proiektuaren beste helburuetako bat. Estalpedun espazio berriaz gain, egungo garaje-ateak bisagradun ate handi batzuk ordezkatuko lituzkete. Hauek, eraikinaren fatxada nagusia kalera parez-pare zabaltzeko aukera emango lukete, nahi den emanaldietan, eraikin barruan ez ezik, kultur ekitaldiak Arana kale bertatik jarraitu ahal izan daitezen. Aukera honek, nolabaiteko amu izan nahi du inguruan dabiltzanak ikuskizunera erakartzeko. Estalpedun eremuari dagokionez, forma triangeludun itzalpe bat osatzea proposatzen du proiektuak, eraikin alboko fatxadatik plazaruntz.

Proiektua bere osotasunean egikaritu ahal izan dadin, hau da, 100m2-tik 120m2-ra pasatzea posible egingo duten bolumenak eta estalpea txertatzeko, hainbat izapide urbanistiko kudeatu behar dira eta horren ondorioz, proiektuaren egikaritzea 2023-2027 legealdira atzeratuko litzateke. Guztira, birgaitze proiektuaren aurrekontua 626.000 eurokoa da.

Bonberia02

Bonberia05

 

BONBERIE 9 IREKITA

 

BONBERIE 11

 

BONBERIE 13 IREKITA