Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Zaldizurretako bizilagunei N-I errepideko zarata gutxitzeko pantailak jartzeko lanak udan hasiko dira

2023/03/14

Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuz, pantaila-lerro berriak 330 metroko luzera izango du Gasteizerako noranzkoan eta obrek segurtasuna indartuko dute istripuen kasuan

Bizilagunekin eta Aldundiarekin egindako elkarlanari esker gauzatuko den lan honek 10 hilabeteko iraupena izango du obrek duten konplexutasunagatik

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak, Leire Artola Beasaingo alkatearekin batera, N-I errepidean egingo diren lanak aurkeztu ditu gaur, Beasaingo tunelaren irteeraren eta Lazkaoko lotuneko irteera-adarraren artean pantaila akustikoen lineal berri bat kokatuko dutenak. Proiektuan, halaber, errepide-tarte horretako bionda metalikoen ordez hormigoizko hesiak jartzea ere aurreikusten da, eremu osoko segurtasuna indartzeko. Obrak 1.160.380 euroan (BEZa barne) atera dira lizitaziora, eta 10 hilabeteko epea dute lanak egiteko. Egitura berriak 330 metroko luzera izango du guztira, 3,50 metroko altuera duten pantaila fonoxurgatzaileek osatuta.

Errepideetako Zarataren Aurkako Ekintza Planean jasotako jarduketetako bat da, eta, diputatuak azaldu duenez, Beasainen kasua berezia da, ibilgailuen zirkulazioak sortutako zaratari trenek eragindakoa gehitzen baitzaio. Oiarbideren hitzetan, mota horretako jarduerak lehentasunezkoak dira departamentuarentzat, milaka gipuzkoarren bizitzan eragin zuzena dutelako. Beasainen, zehazki, pantaila akustikoek ingurune bereziki sentikorra babestuko dute eta 4.000 beasaindar ingururi mesede egingo die.

Era berean, Leire Artola alkateak azpimarratu du oso garrantzitsua dela obra honekin N-I errepidearen eta trenaren trafikoak eragindako zarata arazoak arintzea. Zaldizurretako herritarren bizi-kalitatea hobetzea izan da, kasu honetan, lehentasunezko helburua. Horretarako, udal-gobernuaren bitartekotza-lanak bere fruituak eman dituela nabarmendu du alkateak, lehenik kaltetutako bizilagunekin eta, ondoren, gaia Bide Azpiegituretako Departamentuaren eskumena izanik, foru-erakundeko arduradunekin landu delako gaia. Horregatik, Artolak Aldundiaren eta bizilagunen laguntza eskertu nahi izan du.

Obraren aspektu teknikoei dagokienez, Oiarbidek azaldu du lanek baldintza berezi batzuei aurre egin beharko dietela, inguruaren ezaugarriak kontuan hartuta, eta elkarlana eta koordinazioa ezinbestekoak izango direla. Alde batetik, trafikoa. N-I errepidea, Beasain parean, lurraldeko komunikazio- eta garraio-bide nagusietako bat da, eguneko batez besteko trafiko-intentsitatea 30.000 eta 35.000 ibilgailu artekoa izanik. Ahal den neurrian, lanegunetan Gasteizerako noranzkoan erreia moztea saihestuko dute obrek, diputatuak aurreratu duenez.

Segurtasun handiagoa

Bestalde, bigarren baldintza garrantzitsua ADIFen trenbideen inguruko lanen mugak dira, errepidearen eta trenbidearen muga horiek obraren erdiko zati batean koordinatu beharko baitira. Hala ere, obrek hobekuntza nabarmena ekarriko dute, ez bakarrik errepidearen eta trenbidearen inpaktu akustikoa murrizteko, baita zirkulazio-istripuen kasuan ingurune osoaren segurtasuna indartzeko ere. Horrela, istripuak daudenean ibilgailuei eutsiko zaiela ziurtatzeko eta pantaila akustikoen gaineko inpaktua eta horren ondoriozko trenbideen inbasioa saihesteko, egungo bionda metalikoen ordez hormigoizko hesi aurrefabrikatuak jartzea aurreikusten da, euste-maila handikoak eta lan-zabalera txikikoak.

zaldizurreta pantailak aintzane leire