Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Antzizargo bidegurutzea biribilgune bihurtuko da

2023/03/26

Udalerriko sarrera nagusietako batean kokatzen den bidegurutze honetako bide segurtasuna hobetuko da esku-hartzearen ondorioz

Foru Aldundiak 2023ko aurrekontuetan txertatu du lan hau eta ondo bidean, aurtengo bigarren seihilabetean egikarituko litzateke

Udalak landutako Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren eskutik hobekuntzak txertatu ditu proiektuan 

Beasaingo Udala eta Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako sailak Beasainen egingo den proiektu berri baten inguruko azalpenak eman dituzte. Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak eta Leire Artola, Beasaingo alkateak, Antzizargo bidegurutzeak dituen gabeziei buruzko hobekuntza beharrak direla eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak egikarituko duen biribilgunearen inguruko xehetasunak jakinarazi dituzte.

Beasaingo alkate Leire Artolak esker ona azaldu dio Aldundiari proiektuarekin udalak aspalditik ikusten zuen beharrari erantzuna eman zaiolako. “Beasaingo bidegurutze honek konponbidea behar zuen bertan pilatzen den trafikoak puntu beltza bilakatu zuelako.  Inguruko herrietatik gure udalerrira sartzeko bidegurutzea da. Beraz segurtasuna hobetzeko azpiegitura erabakigarria izango da. Trafikoaren segurtasunaz gain, herritarrena eta bereziki, auzotarrena hartu dira kontutan proiektu honetan. Izan ere, kiroldegia eta Loinazpe ikastetxea sarbide honetan aurkitzen dira horrek eragiten duen pertsona eta ibilgailuen mugimenduarekin. 

Bide segurtasuna

Aldundiak, bide segurtasun lanen barruan, bidegurutzeak hobetzeko programa abian dauka  eta bertako trafikoa aztertu ondoren,  Antzizargo T formako bidegurutze hau, biribilgune bihurtzea erabaki dute Aldundiko arduradunek. Udalerriko sarrera nagusietako bat izanik, trafiko handia jasaten du eta arauzkoa den abiadura baino handiagoan sartzeko joera dute ibilgailuek. Gogoan izan behar da bai Antzizar kiroldegiko eta Loinazpe ikastetxeko sarrera-irteerak ere bidegurutze horrekin lotzen direla. Eraikiko den biribilgunearekin, bide segurtasuna nabarmen hobetuko da. Soluzio honen bitartez, mugimenduak ordenatu egiten dira eta, aldi berean, abiadura jaisten da adar guztietan.

Antzizargo T formako bidegurutzea ordezkatuko duen biribilguneak 34m-ko kanpo diametroa izango du, eraztun-errei bat, 6 m-ko zabalerakoa eta 1 m-ko bazterbideduna. Bide adar bakoitzak 4 m-ko zirkulazio-sarrerako errei bana izango du, eta 4,5 m-ko irteera-errei bana. 3 m-ko zapalgune bat ere badu, eta horri esker, ibilgailu bereziek biraketa maniobra egingo dute barne eraztuneko zoladuraren gainera igoz.

Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren ekarpenak

Bidegurutze honen hobekuntzaren beharra, Udalak landu duen HMJP-aren diagnosi eta esku-hartze proposamenean ere agerian geratu da. Plana lanketa prozesuan zegoela baliatuz, behin Foru Aldundiaren proiektuaren zirriborroa jasota, hau aztertu eta behin-betiko proiektuan txertatuak izan diren ekarpen desberdinak egin dira.

Ormaiztegirako norantzan kiroldegiruntz ezkerretara bira egiteko aukera kenduko da, gidariek biribilgune berrira iritsi beharko dira kiroldegira iristeko. Horrela, kiroldegi aurrean zegoen T erako bigarren bidegurutze hau ere desagertu egingo da. Horretaz gain, Katea kaleko norantza aldatzea proposatzen da, batetik lasterbide moduan erabilia izan ez dadin, eta bestetik kiroldegiko aparkaleku sarrerako bidegurutzea arintzeko. Hirugarren ekarpen nagusia, herri-erdigunerako norantzan dagoen autobus geltokiaren espaloia zabaldu eta irisgarritasun baldintzak hobetzearena izan da.

Diputazioarekin elkarlana

Udalak Bide Azpiegituretako arloarekin landu dituen hainbat proiektuen artean aurkitzen da Antzizargo bidegurutzea. Honen aurretik, Zaldizurreta kaleko bizilagunei N1 errepideko trafikoak sortutako zarata gutxitzeko pantaila akustikoak jartzeko proiektua  eta Ugartemendiko biribilgunea duela bi urte aurkitzen dira. Lanketa hauek bere ibilbidea egin dute harik eta gauzatu ahal izan diren arte, beti ere herritarren segurtasuna eta ongizatea ipar izanda. 

Antzizargo biribilgunearen kasuan, proiektua eta lizitazioa argitaratzeko prest daude. Hauteskundeak medio, lizitazioa maiatza ondoren jarriko litzateke martxan eta obrak urteko bigarren seihilabetean egin ahal izatea espero da. Egitasmoa jada Foru Aldundiko 2023ko aurrekontuetan txertatua dago, 385.000€-ko diru-partidarekin.  Egikaritze epeari dagokionez, 3 hilabete ingurukoa izatea aurreikusten da.

DJI 0455 web

52 Propuesta de implementacion de una rotonda en la intersección GI 2632 Katea kalea 1 page 0001

antzizar biribilgunea