Azken ukituak eta jardineritza lanak besterik ez dira falta parkea bere osotasunean irekitzeko
Herritarren eskari eta ekarpenekin, jolas-gunea birgaitzeaz gain parkea berdeagoa eta irisgarriagoa bihurtu da
Amaitzear daude Ixabel Olano parkea eraberritzeko lanak. Azken ukituen faltan, udal ordezkariak Leire Artola alkatea buru, eta lanen arduradunak bertan izan dira azken xehetasunen egoera ezagutzeko. Honela, urrian hasitako lanak amaierara iristear daude. Ur-azpiegitura, argiteria, zoladura eta haur-jolas guneko lanak bukatuta daude. Jardineritza lanak eta azken akaberak falta dira parkeak bere itxura berria izan dezan.
Parkean egindako bisitan, alkateak balioan jarri du parkearen eraberritzean Udala, proiektuaren egileak eta herritarren parte hartzearen bidez izandako elkarlana. Eraberritze sakon baten premia zuen parkeak, adierazi du alkateak, desitxuratua eta gabeziak zituen eta honelako espazioa proiektuaren egileekin eta auzotarren ekarpenekin berreskuratzea garrantzitsua izan da. Bertan izan dira ere Itziar Rodriguez beasaindarra eta Javier Regalado proiektua egin duten arkitektoak eta gustora agertu dira lanek izan duten garapenarekin.
Herritarren ekarpenekin osatua
Laurogeigarren hamarkadan eraiki zen gune honek zerbitzu luzea eman die herritarrei azken berrogei urteetan, baina denboraren poderioz, bertako berdegune eta batez ere zoladuraren gabeziak agerian geratu ziren, besteak beste. Herritarren beharrei egokitutako udalerri irisgarri, eroso eta atsegina eraikiz etorkizuneko Beasain marrazten jarraitzeko, udal gobernuak Ixabel Olano parkea eraberritzeko lehen pausoak eman zituen 2021an aurrekontuetan partida txertatuz.
Ondoren, 2021ko irailean Udalak galdetegi bat zabaldu zuen herritarren ekarpen desberdinak jasoz Ixabel Olano parke berriak eduki behar zituen ezaugarri nagusiak zehazteko. Ekarpen horien artean, gehien errepikatu zirenak irisgarritasunaren hobekuntza, jolas gunearen birgaitzea eta berdeguneak handitzea izan ziren. Hauez gain, parkearen argiztapena hobetzea eta eserleku gehiagoren instalakuntzarako eskaerak ere azpimarragarriak izan ziren.
Behin proiektua osatuta eta lanak esleituta, parkearen birgaitzea iaz urrian hasi zen. Eraispen fasearen ondoren, ur-azpegituren eraberritzea egin zen. Hoditeriaren aldaketa Oria ibaira egiten ziren zuzeneko isurketak ekiditeko baliatu da, saneamendu sistema bikoitza ezarriz. Honi esker, euri-urak eta ur zikinak jaso eta tratamendu desberdindak jasoko dituzte. Atzetik, Karobi kalearen birgaitzea eta parkeko zoladura eta irisgarritasuna hobetzeko lanak etorri ziren, baita jolas gunearen eraberritzea ere.
Parke irisgarriagoa eta berdeagoa
Beste gabezi nabarmenetako bat irisgarritasun falta zen. Karobi kaletik eta Florencio Axpetik zeuden sarrerak ez ziren irisgarriak. Seaska Haurreskolaren erabiltzaileen eskariari erantzunez, bertara iristeko harrapala egin da. Zoladura zaharraren egoera kaxkarra kontutan izanik, bere osotasunean ordezkatu da hormigoi inprimatuzko akabera berriarekin.
Esku-hartzearen bigarren ezaugarri nagusietako bat berdeguneen azalera handitzea izan da. Horretarako, sakabanatuta zeuden belardiak bateratu dira eta baldintza txarretan zeuden zuhaitzak bertako espezieengatik ordezkatu dira. Erretiratu diren plataneroen ordez, 7 Astigar (Acer Rubrum) eta 3 Magnolia (Magnolia Sulangeana) landatuko dira. Paisaia ikuspegitik parkeari itxura ederragoa emateko kolore desberdinetako loreak jarriko dira. Belardien perimetroan, egurrezko eserleku jarraiak kokatu dira, galdetegian jasotako eserlekuen kopurua handitzeko eskakizunari erantzunez.
Jolas gune berria
Proiektuaren balio erantsietako bat jolas gune eraberritua da. Udalerriko beste parkeen osagarri izateko, Ixabel Olano parkea bereiztuko duten jolasak berriak dira. Horrela, sokadun piramidea, kautxozko jolas topografikoak (menditxoak) eta hauei lotutako txirrista eta tunelak txertatu dira. Jolas gunearen inguruan azpimarratzekoa da pergolaren birgaitzea; estalkia eraberritu da eta plataforma irisgarria eraiki da. Lorategi aldera dagoen egurrezko eskenategia ere berritu da.
Ixabel Olano parkearen eraberritze lanak Iturrioz eraikuntzak enpresak burutu ditu 800.387,30 euroko kostua izan dute.