Joan XXIII, Arantzazu, Erauskin, Garmendia Otaola, Nekolalde, Foru eta Iturriotz kaleetako zenbait eremu birgaituko dira
Udalerriko kale eta errepideetako berritze eta mantenu lanen barruan, 2024ko kale asfaltaketa kanpaina burutuko du Udalak egunotan. Asfaltaketa lanekin herria beasaindarren beharretara egokitu nahi da errepide, espaloi eta garaje sarrerak baldintza egokietan mantenduz. Lanak abuztuaren 1ean hasiko dira eta astebete irautea espero da.
Birgaitzeko beharra duten eremuen azterketa egin ostean, lehentasunaren arabera asfaltatuko diren kale-eremuak eta datak hauek izango dira: abuztuaren 1ean hasiko dira Erauskin kalea, Garmendia Otaola eta Oriamendi kaleko bidegurutzea eta aldapa eta Nekolalde kalea. Arreta berezia izan dute edukiontzien pareko eremuak kamioen eraginez nahikoa kaltetuta zeudelako. Abuztuaren 2an, Foru kalean jarraituko dute lanak, Zapatari kalearen bidegurutzetik aurrera. Abuztuaren 6an, Zaldizurreta kalean ere asfaltua konponduko da eta Iturriotz kaleko 15. zenbakiaren garaje sarrera asfaltatuko da. Azkenik, abuztuaren 7-8an Joan XXIII eta Arantzazu kaleak asfaltatuko dira.
Abiadura mantsotzeko kojinak
Kale asfaltaketa lanak ere ibilgailuen abiadura mantsotzeko dauden kojin berlindarrak aldatzeko aprobetxatuko da. Behin zoladura saneatu eta egokitzapenak egindakoan, kojin berlindar berriak jarriko dira bi toki hauetan: Zaldizurreta kalean eta Foru kalean Dolarea parkearen parean.
Bide asfaltaketa lanak aurten, Yarritu S.A. enpresak burutuko ditu ondorengo kostuarekin, 78.585,71 euro (BEZa barne).