Abenduko bi egunetan jarritako abiadura-radarraren emaitzek erakusten dutenez, ibilgailuen % 83,6 baimendutako 30 km orduko abiadura gainditu zuten
Udalerrirako bi sarbideetan, Igartza Oletan eta Ezkiaga etorbidean hausten da gehien abiadura muga
Beasain “30 hiria” da joan den maiatzean bide-segurtasunari buruzko legea indarrean sartu zenetik. Lege horrek 30 km/h-ko abiadura-muga ezartzen du hiriguneetan. Horren ondorioz, eta egungo udal gobernuak Beasain udalerri erosoagoa, seguruagoa, bizigarriagoa eta herritarren beharretara egokituagoa bihurtzeko asmoz, bi egunez radar mugikor bat jarri zuen udalerriko hainbat lekutan, ibilgailuak zein abiaduratan zihoazen atzemateko. Lau lekuetatik, bi udalerriko sarbideak izan ziren, Igartza Oleta kalea eta Ezkiaga etorbidea.
Kanpainan zehar, radarrak 4.019 ibilgailuen joan-etorri detektatu zituen, eta horietatik 660 bakarrik zihoazen baimendutako mugaren azpitik, hau da %16,4. Horrek esan nahi du atzemandako ibilgailuen % 83,6 30 km/h-ko gehienezko abiadura gainditu zuela.
Oinezkoek edo txirrindulariek istripu batean hiltzeko duten probabilitatea areagotu egiten da ibilgailuaren abiadura handiagoa den heinean. OMEren eta OCDE/ECMTren nazioarteko zenbait azterlanen arabera, 30 km/h abiaduran harrapaketa gertatuz gero, heriotza gertatzeko probabilitatea %10ekoa da – hots, %90ean bizirik irten daiteke –, baina heriotza gertatzeko probabilitate hori % 80raino handitzen da 50 km/h-ko abiaduran, eta % 100era iristen da 60 km/h-tik aurrera.
Udalerriko sarbideak
Beraz, kanpaina honetan bildutako datuak kezkagarriak dira. Radarrak jasotako emaitzetan, abiadura handiena 73 km/h izan da (Ezkiaga etorbidean). 60 km/h-tik gorako 3 ibilgailu atzeman dira, eta abiadura horretan gertatzen diren istripu guztien ia %100 heriotza dakarte. Kasu hauetan, salaketak izapidetu ziren. Bereziki deigarria da 2.125 ibilgailuen joan-etorrian, 181 ibilgailuk bakarrik errespetatu zutela abiadura-muga, % 8,5ek besterik ez. Bestela esanda, ibilgailuen %91,5ek baimendutako gehieneko abiadura gainditu zuten (10etik 9k).
Radar pedagogikoak
Udalaren helburua gidariak horretaz jabetu eta baimendutako gehieneko abiaduraren azpitik ibil daitezen ohartaraztea da. Segurtasuna, erantzukizuna eta guztion hobebeharrez, aste batzuk barru bi radar pedagogiko ezarriko dira udalerriko sarrera-irteeratan: bata, Igartza Oleta kalean eta bestea Ezkiaga Etorbidean, oinezkoentzako arriskurik handiena egon liteken tokietan. Radar horiek ibilgailuen bat batean abiadura atzeman eta pantaila baten bidez gidariari jakinaraziko diote zein abiaduran gidatzen ari den. Honela abiadura ezarrita dagoen mugara egokitzeko oharra bistaratuko du.