Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Aparkaleku nagusietako plaza libreen informazioa emateko sistema berria

2024/10/02

Bernedoenea eta Gipuzkoa plazako aparkaleku hutsen kopurua jakinarazteko sistema ezarri du Udalak

Aparkaleku libreen informazioa Zaldizurretako biribilgunean eta Iturriotz kalean jarri diren paneletan adierazten da

Aparkaleku bila dabilen trafikoa modu eraginkorragoan kudeatzeaz gain, CO2 isurketak murriztu eta  bide segurtasuna hobetzea du helburu

Beasaingo bi aparkaleku handienen egoera ezagutzeko sistema berria ezarri du Beasaingo Udalak. Sentsorizazio sistema berriaren bidez unean uneko aparkaleku hutsen kopurua adieraziko da udalerrian kokatu diren bi panelen bidez. Panel bat Iturriotz kalean, Gipuzkoa plazara heltzeko bidegurutzean kokatu da eta bestea Zaldizurretako biribilgunean udalerriko sarbide nagusienean.

Herri barruko trafikoa arindu

Informaziorako baliabide berri honekin bi helburu lortu nahi dira. Batetik herri guneko trafikoa arintzea, bereziki kanpotik datozen ibilgailuak aparkaleku bila badabiltza barrura sartzeko aukera hori baztertu dezaten. Herri guneko trafikoa gutxitzeak, bide segurtasuna hobetu eta CO2 kutsadura murriztuko luke. Eta bestetik plaza kopuru gehien dituzten Bernedoenea eta Gipuzkoa plazako aparkalekuen erabilera sustatzea. 

Izan ere, Udalak zorrotz aztertu zuen Gipuzkoa plazako erabilera, ordu-tarteka, baita erabiltzen duten erabiltzaileen ibilgailuen ehunekoa ere. Ondorioek adierazi zuten erabilera gutxikoa zela eta bataz beste plaza hutsen kopurua nabarmena zela. 

Informazio panel berriekin, ibilgailuak Bernedoeneako eta Gipuzkoa plazako aparkalekuetan uzteko ohitura indartu nahi da. Beasaingo errepide sarrera-irteeretatik gertu egoteaz gain, herri erdigunetik ere hurbil daude. Aparkaleku plaza kopuru altua eskaintzen dutenez, baldintza aproposak ematen dira kanpotik datozen ibilgailuak bertara bideratzeko. Horrela herri barruko trafikoa murriztuko litzateke, bide segurtasunean eta airearen kalitatean positiboki eraginez.

Sentsorizazio sistema

Ibilgailuen kontaketa posible egiteko, Bernedoenea eta Gipuzkoa plazako aparkalekuetan kontrola daitezken eremuak hartu dira sentsorizazio sistema ezartzeko. Honela Gipuzkoa plazan dauden 259 aparkaleku plazetatik 116 dira sentsorizazioaren bidez kontrolatuko direnak. Bernedoenean aldiz, 318 plazetatik 292 izango dira sistemak jarraituko dituena. Ondorioz, aparkaleku inguruan daudenak ez dira kontabilizatuko.

Honela bada, aparkalekuen sarrera irteeretan indukzio bidezko sentsorika instalatu da asfalto azpian, gainetik ibilgailu bat igoarotzen den aldiro sistemaren ordenagailuari informazioa bidaltzen diona. Horrela, ibilgailu bat sartzean plaza libre bat kentzen da eta irtetean gehitu. Segidan, ordenagailuak Iturriotz kalean eta Zaldizurretako biribilgunean kokatu diren pantailetara bidaltzen du informazioa denbora errealean, libre dauden aparkaleku kopurua adieraziz. Panel horiek informazio eguneratua emango diete gidariei, erabakiak hartzea erraztuz eta trafikoaren egoera hobetuz.

Aparkalekuen sentsorizazioak datu baliotsuak eta denbora errealean ematen ditu, udalerriko trafikoaren kudeaketa adimentsuagoa eta eraginkorragoa egiteko. Ikuspegi horrek gidarien esperientzia hobetzeaz gain, hiri eraginkorragoa, jasangarriagoa eta bizigarriagoa lortzen laguntzen du.

Beasaingo Udala berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin konpromiso estua du, soluzio teknologiko aurreratuen eta kudeaketa eraginkorrerako estrategien bidez herritarren bizi-kalitatea hobetzeko etengabe lan eginez.

Bernedoenea parking sensorika 2

Bernedoenea

Gipuzkoa plaza