Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Sagardo dastaketa hileroko azoka berezian

2019/12/04

Dastatzea Zelaia sagardotegiko arduradunak zuzendua izango da eta aurretiaz izena eman beharko da Plazape tabernan

Larunbat honetan, hilak 7 burutuko da urte honetako azken azoka berezia. Urteari agur esateko, goiz erdian burutzen den ohiko tailerraren orduan sagardo dastatzea egingo da. Sagardoaren ezaugarri eta zaporeak zein diren ezagutzeko zeri erreparatu behar zaion jakiteko erakusteko ardura, Zelaia sagardotegiko ordezkariek izango dute. Sagardoari laguntzeko, gaztaina erreak izango dira.

Gainontzean eta ohikoa den bezala, Loinazko San Marin plaza azpira gerturatzen direnek, orain arteko produktuez gain, eztia, barazkiak, loreak, arrain kontserbak, txerrikia, haziak, ogia, gazta eta gozoak erosteko aukera izango dute.

Bestalde, azokan erositako produktu horietako batzuk erabilita egin daitezkeen zenbait errezeta jasotzen dituen liburuxka eta erosketetarako poltsa ere banatuko dira azokako erosleen artean.

Larunbat honetako egitaraua hau izango da:

10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera         

11:30 Sagardo dastatzea Zelaia sagardotegiaren eskutik. Bertan parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena Plazape tabernan.

12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta panderojoleek kaleak eta azoka girotuko dituzte.

13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa erosketak egindakoen artean.      

14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Hileko lehen larunbateko azoka berezia duela ia hiru urte Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azoka erakartzea ere bada. Horretarako, azoka dinamizatzeko ekintza ezberdinez osatutako egitaraua antolatzen da hilero.