Mugikortasun jasangarriaren alde eginez, Beasaingo Udala aitzindaria da Euskadin carpooling zerbitzua ezartzen
Udalak hobaria emango die aplikazioa erabiliz Beasain abiapuntu edo helmuga duten ibilbideetako gidari eta bidaiariei
Behin aplikazioa deskargatuta, BEASAIN22N kodea sartu beharko da ParteCar Beasain erabiltzen hasteko
Beasaingo Udalak, Hoop Carpool mugikorrentzako aplikazioarekin lankidetzan, #ParteCar ekimena jarri du abian. Beasaindarrek tresna erabilgarri eta erraz baten bidez, egunero lanera, unibertsitatera edo beste helmuga batzuetara egiten dituzten joan-etorrietan autoa partekatzea da helburua. Hoop Carpool aplikazioa mugikorrean deskargatu ondoren, bai Beasaingo udal aplikaziotik edo zuzenean Play Store edo App Store bidez, erregistratu eta jarraian BEASAIN22N kodea sartu beharko da onurez gozatzeko.
Bertako erakunde batek Euskadin proiektu hau abian jartzen duen lehenengo aldia da. Honen bidez, antzeko errutinak dituzten pertsonei kontaktuan jartzeko aukera erraztu nahi zaie, eguneroko joan-etorrietan autoa partekatu ahal izan dezaten. Horrela, gastuak partekatuko dituzte erregaiaren kostuaren igoerari aurre eginez, denbora aurreztuko dute eta isurpen kutsatzaileak gutxituko dituzte.
Beasaingo Udala ingurumenarekin eta Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Helburuekin konprometitutako erakundea da. Ekimen honek hiru helburu hauek betetzen lagunduko du: osasuna eta ongizatea, hiri eta komunitate jasangarria izatea eta klimaren aldeko ekintza.
Udal hobaria joan etorrietan
Beasaingo Udalak ezartzen duen ekintza bakoitzean, planeta jasangarriagoa, seguruagoa eta oparoagoa sortu nahi du herritar guztientzat. Horregatik, ParteCar - Hoop Carpool aplikazioaren bidez, Beasain abiapuntu edo helmuga duten ibilbideetako gidariei zein bidaiariei, % 50eko hobaria emango zaie (gehienez 3 € ibilbide eta bidaiari bakoitzeko), sustapenak dirauen bitartean.
Egunero autoa partekatzean, errepideetako ibilgailuen kopurua murrizten da, aparkalekuen gaineko presioa arintzen da eta airearen kalitatea eta, ondorioz, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen dira. Halaber, hirietan eta periferian mugikortasun jasangarria bultzatzen laguntzen du, eskura dauden baliabideak modu eraginkorrean erabiliz. Eta, azkenik, CO2 isurketak murrizten dira.
Espero den eragina
ParteCar - Hoop Carpool aplikazioa erabiltzearen ondorioz, herritarrek 47.350 kg CO2 gutxiago isurtzea, gastua 84.000 €-tan gutxitzea eta denboran 148.817 ordu inguru urtean aurreztea espero da. #ParteCar-en helburua Beasain ingurumenaren alde, klima aldaketaren aurkako borrokan punta-puntako erakunde bihurtzea da, mugikortasun jasangarriaren eta elkarlanaren alde eginez.