Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Jolas parkeetan euskaraz jostatzeko ekimena itzuli da

2023/04/26

Parketarrak ekimenak, jolasen bidez kalean eta parkeetan haurren artean euskararen erabilera handitzea du helburu. 3 eta 9 bitarteko haurrei zuzenduta dago

Trenbide kaleko parkean burutuko dira jolas-saioak 16:45etik 18:45era bitartean

Udaberriak berarekin dakar eguraldi eguzkitsu eta giro gozoa eta aukera horri etekina ateraz berriro dator Beasainera Parketarrak ekimena. Apirilak 27an eta maiatzaren 4an, 9an eta 11an burutuko dira euskaraz jolas dinamikak. Oraingo honetan Trenbide kaleko jolas parkea izango da egunik onenak elkarrekin euskaraz jolasean igarotzeko tokia. 

“Parketarrak” izeneko egitasmoa Beasaingo Udalak Hezten elkartearekin elkarlanean martxan jarritakoa da. Joan zen udazkenean egin zen lehendabizikoz Beasainen eta esperientzia onaren ondotik orain errepikatuko da. Kalean eta batipat parkeetan, haurren artean euskararen erabilera handitzea du helburu. Horretarako Hezten-eko jolas dinamizatzaileen laguntzaz, jolas saioak burutuko dira. Egitasmo honek, adinaren araberako bi programa eramango ditu aurrera.

Bi adin tarte

Zabu Zibu izenekoa, 16:45etik 17:45era burutuko da eta 3-5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako izango da. Helburua euskaraz jolastu ahal izateko tresnak eskaintzea da, beraz, behar beharrezkoa da haurrak guraso edo helduren batekin etortzea eta jolastea.

Eta bigarrenik, Txirrintxon deiturikoa. 17:45etik 18:45era izango da eta 6-9 urte bitarteko haurrei dago zuzendua.

Euskararen erabilera aisian bultzatzea

Beasaingo Udalaren helburu eta eskumenen artean dago udalerrian euskararen ezagutza sustatzea eta erabilera dinamizatzea. Esparru honetan herritarren euskalduntzea sustatzen jarraitzeko ekimenak antolatzen jarraitzen du. Herriko ikastetxeekin, elkarteekin eta eragileekin elkarlanean, haur eta gaztetxoenen artean euskararen jakintza eta erabileran jarduerak, ekimenak eta zerbitzuak eskaintzea du xede. Hargatik, guztien lankidetzarekin euskararen erabilera handitzea lortu nahi da horretarako deialdi berezia egin nahi da guraso, ikastetxe eta familiei jarduera honetan ere parte hartu dezaten. Hizkuntzaren aldeko konpromiso horren baitan, beasaindar txikienen aisialdian euskararen erabileran eta ezagutzan eragiteko jarduera hau errepikatuko da.