Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Beldur Barik lehiaketako sariak banatu dira Beasainen

2023/12/01

Beldur Barik programak euskal gazteek emakume eta gizonen berdintasun ezaren aurrean duten jarrera aktiboa saritu du

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailak, Emakunderen bitartez, eta Foru aldundien eta EUDELen laguntzaz sustatutako ikus-entzunezko lehiaketaren urteroko topaketa eta sari banaketa egin dira gaur Beasainen

Donostia, Mutriku, Ondarroa, Elgoibar, Bilbo eta Tolosako ikastetxeetako ikasleen lanak saritu dituzte

Beldur Barik 2023 Topaketa ospatu da gaur Beasaingo Usurbe Antzokian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako nerabe eta gazteen parte-hartzearekin. Topaketaren barruan, Donostia, Mutriku, Ondarroa, Elgoibar, Bilbo eta Tolosako ikastetxeetako ikasleen lanak saritu dituen ikus-entzunezko lehiaketaren sariak banatu dira. Bertan izan dira, besteak beste, Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburua; Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria; Nerea Isasi, Gipuzkoako Foru aldundiko Berdintasun zuzendaria; eta Leire Artola, Beasaingo alkatea.

Beldur Barik topaketa Emakundek gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko bultzatutako programaren barruan dago, eta hiru foru-aldundien eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailak bultzatzen du Emakunderen bitartez eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak Foru aldundien eta EUDELen babesa du.

Tailerrak udaletxean

Sari-banaketaren aurretik tailerrak egin dira Beasaingo udaletxean. Tailer horietan hainbat gai jorratu dira, helburu bikoitzarekin: nesken ahalduntzea bultzatzea eta gizonezkoen pribilegioak zalantzan jartzea. Gainera, Topaketan izan diren gazteek elkarretaratze batean parte hartu dute, indarkeria matxista gaitzesteko.

Bideo irabazleak

Beldur Barik lehiaketaren 2023. edizioak nerabeek eta gazteek aurkeztutako ikus-entzunezko 300 lan inguru jaso ditu, eta horietatik 220 onartu dira lehiaketara, gehienak taldean aurkeztuak.

Lehenengo kategorian, 12 eta 13 urtekoak, Denok berdinak gara bideoa izan da irabazlea, Donostiako BHI Antigua Luberri taldearena, genero desberdintasunen, rolen eta mandatuen esperimentu oso grafikoa erakusten duena. Aipamen berezia Beldurbarik Donostiakoarentzat izan da, kiroleko desberdintasunari aurre egiteko emakume gazteek duten jarrera islatzen baitu.

Bigarren kategoria, 14 eta 18 urte bitartekoa, parte-hartzaileena izan da, eta lanen % 70 baino gehiago lehiaketara aurkeztu dira. Mutrikuko BHIko ikasleen Arimak bideoa irabazle suertatu da ikusezintasunetik borrokatu duten emakumeen genealogiaren bidez hunkitzeko duen gaitasunagatik. Bere kalitate teknikoak ekoizpen artistiko onenaren saria ere merezi izan du.

Kategoria honen aipamen berezia Ondarroako Heldu da hegan egiteko ordua lanarentzat izan da, nerabeek gizarte matxista batean dituzten ziurgabetasunak transmititzea lortu duelako.

19 eta 20 urtekoen kategorian, lan irabazlea Emakumeen eguneroko borroka izan da, emakumeek matxismoaren aurka duten eguneroko borroka umorez adierazi duten Elgoibarko ikasleena. Bilboko CIFP Txurdinaga LHIIren Haizeberri bideoak aipamen berezia jaso du emakume baten ahalduntzea barne elkarrizketa baten bidez kontatzeagatik.

Publikoaren saria Berdintasun genRAPentzat izan da, Tolosako Orixe BHIko mutil talde batek egindako bideo musikala. Iban Garciak eta Annekdotasek aurkeztu dute gala, eta Alarma Morea eta Lisvoa ere bertan izan dira.

beldur barik 00

IMG 0098beldur barik

IMG 0109beldur barik

IMG 0136beldur barik

IMG 0133beldur barik

IMG 0132beldur barik

IMG 0125beldur barik

IMG 0119beldur barik

IMG 0115beldur barik