Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Etorkizuneko mugikortasuna eta pertsonei egokitutako hirigintza aztergai Uda Ikastaroetan Beasainen

2024/09/09

Udalak estrategikotzat duen gaia da mugikortasuna eta pertsonak erdigunean jarriz UPV/EHUko Udako Ikastaroak Fundazioarekin elkarlanean prestatu dituen ikastaroak dira

Irailaren 12an, ikastaro eta tailer bat hartuko ditu Igartzako jauregiak: goizean “Biharko Mugikortasuna” eta arratsaldean “15 minutuko hiria irisgarritasun ikuspegitik”

Beasaingo Udalak eta UPV/EHUKO Uda Ikastaroak Fundazioak, bien arteko lankidetzari jarraipena emanez laugarren urtez antolatu dituzte Uda Ikastaroak Beasainen. Beste urte batez, eta irailaren 16tik 22ra Mugikortasunaren Europako Astea ospatzen dela eta, etorkizuneko mugikortasuna nolakoa izango den eta pertsona ororen mugikortasun baldintzetara egokitu behar den hirigintza eredu berria aztertuko dira.

2019an Beasaingo Udalak eta UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) hitzarmena sinatu zutenetik, Uda Ikastaroen 43. edizioaren esparruan irailaren 12an ospatuko dira eragin handia duen gaiarekin lotura zuzena duten bi ikastaro. Goizean “Biharko Mugikortasuna” izango da hizpide eta arratsaldeko ikastaro-tailer praktikoak berriz “15 minutuko hiria irisgarritasun ikuspegitik” izenburua du. 

Goizeko ikastaroa, gaurkotasun itzela duen gaiari jarraipena emanez antolatu dute bi erakundeek, biharko mugikortasuna zertan izango den hain zuzen ere. Eta arratsaldekoan, mugikortasun urriko pertsonek bere egunerokotasunean dituzten zailtasun eta oztopoak lehen pertsonan bizitzea ahalbidetuko duen tailerra izango da, 15 minutuko hiriaren kontzeptu ezagunaren aterkipean.

“Biharko mugikortasuna”

Mugikortasunak hazkunde azkarreneko kutsadura-iturria izaten jarraitzen du mundu mailan, izan ere, munduko isurpen guztien % 23 izan zen 2022an, Nazioarteko Energia Agentziaren arabera. Hori horrela, ikastaroa honako helburu hauek betetzera dator; mugikortasun konektatu, kooperatibo eta autonomoaren arloan dauden abangoardiako teknologien berri ematea; energia transizioaren testuinguruan, krisi-klimatikoari aurre egiteko mugikortasunak eskaini ditzakeen etorkizuneko teknologiak plazaratzea, eta erkidegoan eta hemendik haratago, erreferente diren enpresa, ikerketa zentro, unibertsitate eta bestelako erakundeen topaleku izatea elkarren arteko sinergiak indartzeko. 

Ikastaro hau, Unibertsitateko ikasle, irakasle eta profesionalei zuzendua dago eta mugikortasun sektoreko ZF Autonomous Vehicles, Luleåko Unibertsitate Teknologikoa, Naitec, Railgroup, Normo eta Fineco-Kutxabank Energiaren Zirkuluko adituak izango dira bertan.

“15 minutuko hiria irisgarritasun ikuspegitik”

Goizeko ikastaroaren ondoren, arratsaldean “15 minutuko hiria irisgarritasun ikuspegitik” izeneko tailerra egingo da. 

Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin, hirigintza eredu berri bat aldarrikatu nahi da. Horrela, pertsona ororen beharrak asetzeko funtsezko zerbitzu guztiak etxetik abiatu eta 15 minutuko tartean kokatu beharko lirateke mugikortasun aktiboa erabiliz, hau da, oinez edo bizikletaz. Baina badira mugikortasun aktiboa praktikatzeko zailtasunak dituzten pertsonak adin, desgaitasun, gaixotasun edo bestelako faktore mugatzaileengatik eta gure hiriak gai izan behar dira hauen zailtasunak arintzeko. 

Horrexegatik, tailerraren parte-hartzaileek mugikortasun urriko pertsonek hiri-ingurunean dituzten zailtasunak esperimentatu ahal izatea da helburua. Horrela, zahartze-simulazioko jantziak, itsutasuna simulatzeko kit-ak, aulki gurpildunak eta beste bitarteko batzuen bidez, hala nola makuluak, haurtxoen gurditxoak, etab. Igartzako monumentu multzoaren inguruan ibilbide bat egingo dute taldeka, esperientzia hau bizi dezaten. 

Oraindik Uda ikastaroetan izena eman daiteke www.uik.eus webgunean.  

Pertsonei egokitutako herria

Uda Ikastaroak erreferente bihurtu dira euskal gizartearen kultura programazioan. Gizartearen desafioei buruz eztabaidatzeko topagune dira eta arreta pizten dute. Beasaingo Udalaren asmoa da Beasain eta kasu honetan Igartzako Monumentu Multzoa ezagutzaren erreferentzia bihurtzea. Udal gobernuak bere helburuen artean dituen gai estrategikoen artean aurkitzen da mugikortasun jasangarria eta honi lotuta antolatu nahi izan ditu aipatutako bi ikastaroak. 

Izan ere mugikortasun jasangarria, Udalak ingurugiroaren babesaren alde eta klima aldaketaren aurkako erronkan duen konpromisoarekin lotzen da eta pertsonei egokitutako hiriak, kalitatezko espazio publikoaren diseinuari egiten dio erreferentzia. Pertsonak erdigunean jarriz,  irisgarritasuna eta erlazio sozialak sustatuko dituena.

Beasaingo Udalak, eskertzen du Uda Ikastaroak Fundazioaren laguntza eta elkarlana, baita bertan parte hartuko duten erakunde eta enpresen parte hartzea.