"Fabrika haundie": Beasaingo Construcciones y Auxiliar de Ferrocarrilesen historia
Argitarapen urtea: 1996
Bildumaren zenbakia: 5
Egilea: Elena Legorburu Faus
CAF enpresa 1917an sortu zen, Errusiako Iraultzak astindutako Munduko historiaren urte zalapartatsuan, Europako Gerra Handiaren garaian.
Entrepesa sortu berriaren asmoa zen Fábrica de Vagones izeneko lantegiak Oria ibarrean zituen tailerrak ustiatzea. Tailer horien errenta ordainduz, 1860an eraikitako lantegi-multzo handi bat eskuratu zuen CAFek.
1860az geroztiko hamarkada haietan, hainbat elkarte izan ziren lantegiaren adistrazio-buru: "Goitia y Compañia", "La Maquinista Guipuzcoana" eta "Sociedad Española de Construcciones Metálicas" delakoak, besteak beste.
Horiek guztiak Beasain inguruko hasierako lantegi hura handitzen joan ziren, harik eta mende erdi geroago CAFek bereganatuko zuen ondarea osatu zen arte. 1917an, enpresak eta lantegiak beren asmoak bateratu eta gorabeherez betetako bidai luze bati ekin zioten, gaur egungo Burdinbidetako Gai Higikorren enpresa handi hau gauzatu nahirik.
Enpresaren handitasuna zela eta, baliabide gehiago eskuratu beharrean suertatu zen CAF. Baliabide horien bila, geroz eta esparru zabalagoak ukitu eta helburu handitako lehiaketa bat hasiko du; lehiaketa horretan, laster gaindituko ditu Beasain eta Goierriko mugak, Espainiako eta atzerriko merkatuetara hedatuz.
Liburu honen xede nagusiena da lantegian esku hartu duten hainbat kapitalen gestioa (finantza, teknika, energia, giza-arloetakoak, etab.) aztertzea. Ustiaketaren aldi bakoitzean baliabide horiek nolako oreka izan duten ere arakatuko dugu, era horretan CAFen jokaerari eta enpresaren egokitzako ahalmenari dagokienez testuinguru historiko bakoitzaren garrantzia neurtu ahal izateko.
Fabrikaren ibilbidea markatzen duten aipamen historikoen euskal esparrua gainditu eta zerikusi zuzena dute nazioarteko gizarte eta ekonomi-abagune jakinekin. CAFen urtekariak berrikusiz gero, azken bi mendeetako gertaera handiak gogorarazten dizkigu: gerrak, ekonomiaren krisialdiak, burtsaren gorabeherak, atzerriko merkatuak, nazioarteko politika, etab.
Gorabehera horien eraginez zatitu dugu liburua honako atal hauetan. Lehenengoa CAFen aurreko enpresen azterketa labur bat da, historia honen aldi luzeena hartzen duena, 1860tik 1914ra arte. II Atalak CAFen sorrera aztertzen du, I mundu Gerrako eta honen ondorengo urteetako krisialdian kokatuz. III. Atala, aldiz, luze eta zabal mintzo da lantegiaren itxura bereziaz eta enpresaren etxegintza lanetaz: Langileen Etxeak, Ostatua, Ingeniarien Txaletak, etab.
IV. Atalak, II. Atalaren amaieratik berrekiten dio CAFen historiari, "gerren arteko" aldiaren zertzeladak eskaintzeko (1925-1936). V. Atlak, bestalde, Espainiako gerra zibilaren eta honen ondorengo hamarkadaren urte zail haietan (1936-1950) murgiltzen gaitu. Amaitzeko, VI. eta azken Atalak ekonomi zuzperraldiaren hasiera eta gaur egungo garapenera iritsi arteko aurrerakada geraezinak azaltzen ditu; lantegiari dagokion arloak, berriz, amaiera bikaina izango du " Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles,S.A." enpresaren sorrerarekin.
Beasaingo fabrikaren artxiboetako agiriek, bestalde, galera konpoezinak jasan zituzten eta horrek nabarmenki gutxitu du argibide erabilgarrien kopurua. Gordetako agiri urriak ikusita gainera (enpresa barruko dossier, lan-agiri eta txostenak gehienbat), histori- eta azalpen-arloko azterketa egin behar izan da sol-soilik. Ez dugu aipatu gabe utzi nahi agiri horiek gehienak Juan Elosegi Labadia Jn.ak, lantegiko Zuzendari ohiak, arduratsu bildu eta aztertutakoak direla, bitxia bada ere, gizon honek heziketa teknikoaren bereizgarriak kultur gaiekiko kezka sakonarekin uztartzen baititu bere baitan.
Notari-agiriek, ostera, informazio ugari eman digute. Beasaingo lantegiak bere historian zehar izandako jabe aldaketek lan ugari eginarazi zieten notariei, eta hori guztia zehazki jasota dago dagozkien eskrituretan. Eskritura horien bidez aztertu ahal izan ditugu CAFen aurreko enpresa ustiatzaileak. Eskrituretako azalpenetan, gainera, xehetasun bikainak ere baaude lantegiaren inguruneari eta, batez ere, lantegiaren arkeologi-ondareari buruzkoak.
Beasaingo udalerriak, berriz, bere Orainaldiko Historiaren oroitzapenak gordetzen ditu bere Artxibo aberatsean. Horko agiriei esker, azken 130 urteetako biztanleengana hurbildu eta horien eguneroko xehetasun batzuk berregin ahal izan ditugu. Lantegiaren itzala nabarmena da arlo honetan ere. Artxiboko paperetan jasopta dago Udalaren eta enpresaren arteko komunikazio jori eta etengabea, bi erakunde hauek hartueman sendo eta adiskidetsuak baitzituzten beraien artean.
Lantegiko artxiboak izan zituen galera tamalgarri haiek dire eta, aukera bikaina alferrik galdu da Ekonomi historialariak aspaldidanik zatiturik dituen eztabaidan esku hartzeko. Arlo horretako adituak aztertzen ari dira, Espainian burdinbidea ezartzeak bertako burdigintza, metalgintza eta, azken finean, industria bera bultzatzeko sortu zuen aukera hura galdu ote zen edo ez erabakitzeko. Batzuk eta besteek iritzi kontrajarriak dituzte auzi horri buruz.
Burdinbidetako Gai Higikorren alorreko enpresen Historiara hurbiltzeak, gaiari buruzko ikuspegi berriak azalduko lituzke agian. Enpresa horien bilakaerak (ekoizpena, etekinak, merkatu-estrategia, hornikuntza, etab.) gertutik jarraituz gero, argibide ukaezinak eskain ditzakete batzuen eta besteen jarrerak neurtu ahal izateko.
Aipatutako mugaketak gorabehera, CAFen eta honen aurreko enpresen bilakaerak berezitasun nabarmena eransten dio Beasaingo esperientzi eta hori ezin liteke gehiago ezkuta. Orrialde hauek egiaztatuko al dute piztu duten interesa.
Salmenta Prezioa: doan
Eskuratzeko Modua
1. Beasaingo Udaleko Kultura sailean bertan pertsonatu eta berehala eskuratzen da.
2. Idatzizko eskaera Beasaingo Udaleko Kultura Sailera bidali
Ale bat pertsona bakoitzeko agortu arte.
PDF formatoan deskargatu
pdf 1996 Fabrika haundie (35.35 MB)