Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content

exportaricaleus

 iCal fitxeroaren moduan deskargatu
- Orokorra -
EHUko UDA IKASTAROA: Prebenitu daiteke Alzheimerra?
Osteguna, 12. Iraila 2019, 08:20 - 18:30
Kontaktua: EHU / UPV Uda ikastaroak
Kokapena: Igartzako jauregia
Pablo Martínez-Lage neurologoak zuzenduko duen ikastaro honen helburua da alzheimerraren prebentzioaren egungo egoera aztertzea. Gipuzkoan martxan jarri diren azterketen eta proiektuen emaitzek –hala nola Gipuzkoa Alzheimer Proiektua, Deban eginiko azterketa epidemiologikoa, GOIZ-BEASAIN narriadura kognitiboaren detekzio goiztiarrerako programa…– agerian utzi dute euskal herritarren interes bizia beren garun osasuna eta arriskuak ezagutzeko eta gaixotasunaren prebentzioaren ikerketari ekarpen eskuzabal, arduratsu eta solidarioa egiteko Ikastaroak aurre egin nahi dio alzheimerrak erremediorik gabeko fenomeno gisa duen irudi etsiari. Dagoeneko metatu den ezagutzak eta gaur egun martxan dauden ikerketek etorkizun itxaropentsua iragartzen dute, baina beharrezkoa da azterketa gehiago eskala handian egitea, biztanleria lagin askotarikoetan eta era askotako esku hartzeen bidez.
Alzheimerra, narriadura kognitiboa eta dementzia garuneko prozesuen ondorio saihestezintzat hartu dira denbora luzez, zahartzeak eta elementu genetikoen eta ingurune elementuen konbinazio konplexu batek bereziki zaurgarri bihurtu duten garunean sortzen diren prozesuak. Hala eta guztiz ere, azken hamarkadetako ikerketen emaitzek adierazi dute faktore ugari daudela gaixotasunean eta garunaren zaurgarritasunean eragiten dutenak. Faktore horiek zerikusia dute genomarekin eta epigenomarekin, eta beharbada ere mikrobiomarekin, biotz-garun-hodietako fisiologiarekin, metabolismo hidrokarbonatuarekin, lipidomarekin, homeostasi immunologiko-inflamatorioarekin, bizi estiloekin edo garunaren arkitektura eta plastikotasunarekin berarekin. Kontuan izanik faktore horietako askotan esku hartu eta aldatu egin daitezkeela, bira kopernikar bat eman du alzheimerraren ikuspegi etsi eta zaharrak.

Prebenitu daiteke alzheimerra? Komunitate zientifiko-medikoak eta gizarte osoak bere buruari egiten dion galdera da, baita zorionez erakundeek eta agintariek ere. Dilemak ez du erantzun sendorik, gaur gaurkoz. Aurkakoa dioena hitzontzikerian eta publizitate faltsuan erortzeko arriskuan dago. Alzheimer’s Association (https://www.alz.org/alzheimers-dementia/research_progress/prevention) erakundeak dioenez, metatu den ezagutzak eta egun martxan dauden ikerketek etorkizun itxaropentsu bat iragartzen dute, baina beharrezkoa da azterlan gehiago egitea, eskala handian, biztanleria eta esku hartze askotarikoekin.

Helburuak

Alzheimerraren prebentzioaren gaia gaur egun zertan den aztertzea. Gipuzkoan martxan jarri diren azterlan eta proiektuek (hala nola Gipuzkoa Alzheimer Proiektua, Debako azterketa epidemiologikoa, GOIZ-BEASAIN narriadura kognitiboaren detekzio goiztiarrerako programa…) agerian utzi dute euskal herritarren interes bizia beren garunaren osasun eta arrisku egoera ezagutzeko eta borondate eskuzabal, arduratsu eta solidarioa gaixotasunaren prebentzioaren ikerketan laguntzeko. Dementzia arrisku handian dauden pertsonen eta alzheimerraren hasierako faseetan daudenen prebalentzia azterketen zifrek erakutsi dute aukera egoki bat dagoela prebentzioaren inguruan ikertzeko, eta erakundeen interesa piztu du horrek. Ikastaroaren edukiak hiru jakintza arlo barne hartuko ditu: 1) epidemiologia eta arrisku eta babes faktoreak; 2) lehen mailako prebentzioaren ikerlanen egungo egoera; eta 3) bigarren mailako prebentzioaren ikerlanen egungo egoera, gaixotasunaren fase prodromikoari eta aurre-klinikoari dagokienez. Zehazki, gai hauek jorratuko dira:

1. Narriadura kognitiboaren epidemiologia.
2. Zahartzea eta hauskortasuna.
3. Arrisku kardiobaskularreko faktoreak eta narriadura kognitiboa.
4. Bizi estiloak eta garun osasuna: dieta eta ariketa fisikoa.
5. Erreserba kognitiboa eta garunekoa, esku hartze objektu gisa.
6. Lehen mailako prebentzioa: MAPT azterketaren eta FINGER azterketaren adibideak.
7. Lehen mailako prebentzioa: World-wide-Fingers-en integratutako GOIZ-ZAINDU proiektua.
8. Dementziaren bigarren mailako prebentzioa, fase prodromikotik.
9. Narriadura kognitiboaren bigarren mailako prebentzioa, fase aurre-klinikotik.