Pandemiaren bilakaerak jaiak burutzea baldintzatuko duen arren, antolaketa lanak normaltasunez hasi ditu Udalak
Otsailaren 17an, osteguna, arratsaldeko 17:00etan dago hitzordua ezarrita eta bilerara hainbat gogoeta eginda etortzeko eskaria egin dute
2022ko Loinatz Jaiak antolatzeko lehen pausoak eman ditu Udalak. Lehena, Loinatz jaietako kartela aukeratzeko lehiaketaren oinarriak argitara ematea izan zen eta orain jaiak antolatzeko batzordea eratzeko bileraren deialdia izan da.
Edonola ere, Udalak garbi utzi nahi du pandemiaren bilakaerak baldintzatuko duela jaiak ospatuko diren edo ez. Beraz, normaltasun egoera batek eskatzen duen moduan, antolaketa lanak behar de garaian hasi dira baina horrek datak gerturatzen diren heinean, unean uneko egoerak baldintzatuko du azken erabakia.
Kultura sailetik deialdia herriko elkarte eta eragile guztiei zabaldu da iada. Otsailaren 17an, arratsaldeko 17:00etan izango da lehen bilera udaletxeko batzar aretoan eta bertara gonbidatuak izan dira, elkarte gastronomikoak, udalarekin hitzarturik dauden kultur elkarte guztiak, auzo elkarteak, Goizerezi txistulari elkartea, Ekaitz buruhandi eta erraldoiak, Koxkola txaranga, Atzegi, Asmube, Oriako lamiak, eta beste hainbat.
Ordubete irautea espero den bileran, jaiak antolatzeko batzordea eratua geratuko da. Kultura saileko arduradunek, bilerara etorri aurretik gai hauen inguruko gogoeta egitea eskatu dute: Loinatz Jaietako ekitaldi nagusiak zeintzuk diren; denak mantendu edo ez; zein kendu, zergatik eta ordezkoa zein izango litzateke.
Bestelako ekarpenak baleude, kultura sailarekin ohiko bideak erabiliz harremanetan jartzeko eskatu dute.