Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Gudugarretako etxeetan bizi ziren familien historia euskarri digitalean

2023/05/05

Beasaingo Paperak bildumako Gudugarretari buruzko bi aleen eranskina aurkeztu dute formatu digitalean udal ordezkari eta egileek

2020. urtean Beasaingo Paperak bildumaren 28. alean Gudugarretak izan zuen garrantziaz jabetu arazi gintuzten. Guztiaren sorburu, Nafarroako Iratxen aurkitutako aintzinako dokumentu bat izan zen, zeinean Beasain eta Gudugarreta hitzak agertzen diren ezagutzen den dokumenturik zaharrenean, hain zuzen ere, 1211. urtekoa. Hari hartatik tiraka, Mikel Dorronsoro Ibarbiak, Yoseba Alonso Arratibelek eta Martin García Garmendiak, Beasaingo Paperak bildumarako bi ale idatzi zituzten egun Beasaingo auzoa den Gudugarretari buruz. Lehena 2020. urtean, 28garrena, “Gudugarreta herribildua eskualdeko historian” eta bigarrena iaz, 2022an, 30garrena, “Gudugarretako etxeen eta etxe horietako biztanleen historia”. 

Beasaingo udaletxean, Xabier Matarranz kultur zinegotziarekin batera aurkeztu duten argitalpena bi liburuki hauei batu eta trilogia itxiko duen alea izan da. Formatu digitalean kaleratu da, euskarri honek dituen abantailetaz baliatu ahal izateko besteak beste. Honela, aurkeztu den eranskin hau, 30garren alearen jarraipena da: “Gudugarretako etxeen eta etxe horietako biztanleen historia”. Hain zuzen ere, etxe horietan bizi izan ziren familien azterketa da. Eranskin honetako informazio-iturri nagusia, hau da, testamentuek, ezkontza-itunen kontratuek, erosketek eta salmentek, errentamendu-kontratuek, erroldek eta abarrek ematen dituzten datuak izan dira. 

Xabier Matarranz kultur zinegotziak aurkezpenean azaldu duenez, Gudugarretak monografia historiko propioa eskuratu du eta eranskin honekin itxi egiten da Gudugarreta auzoari buruzko ikerketa; garai batean herribildua eta egun Beasaingo auzo dena. 

Esan bezala, formatu digitalean dago eskuragai argitalpen berria www.beasain.eus atarian. Beasaingo Paperak bilduma aurkitzen den ataleko azken argitalpena da eta lotura horretatik eskuratu daiteke liburua. 

Beasaingo Paperak bilduma

Beasaingo Paperak izeneko bildumaren argitalpenarekin Beasaingo Udalak, Kultura Sailaren bitartez, herriko historia bere arlo desberdinetan ezagutzera eman eta zabaltzeko lana bultzatzen du. Bildumako lehen alea 1992an argitaratu zen eta “Beasaingo Elkarte herrikoiak” izan zuen gaitzat. Geroztik, urtero aurkeztu dira hainbat argitalpen Udazken Kulturala izeneko hamabostaldiaren barruan. 

Bilduma honen argitalpenak, etorkizunari ekiteko beti ere bere nortasun-ezaugarriak ezagutu beharrezkoak dituen gure gizarteak bere jatorria sakonago aztertzeko eta horren ondorioz kultur arloan aberasteko laguntzen du. Beasaingo Paperak bildumaren argitalpen guztiak Udalaren web atarian aurkitzen dira. 

Beasaingo Paperak Gudgarreta 20230504 2