Jaiak iragarriko dituzten kartel irabazleen egileak, helduenetan Maite Donazar eta haurrenetan Galder Higuero beasaindarrak izan dira
Alkartasuna Lizeoko haurrei dagokie hasierako danbatekoa piztea eta gauean Mariren jaitsierak emango dio hasiera Loinatz jaiei
Jaiak, zentzuz, arduraz eta errespetuz gozatzeko deia egin du alkateak
Ohikoa den gogo eta irrikarekin aurkeztu da udaletxean aurtengo Loinatz jaien egitaraua eta kartela. Aurkezpenean Leire Artola alkatea, Xabier Matarranz kultur zinegotzia eta Amaia Gomez de Segura kultur teknikariak, xehetasun guztiak eman dituzte. Funtsean, ohiko ekitaldik osatzen dute egitaraua baina azken urteko hausnarketak jasota txertatu dira ekarpen eta aldaketak.
Alkatearen hitzetan, Udalak, herritarrak eta elkarteek osatzen duten jaietako batzordearen lanari esker ondutako egitaraua da aurkeztu dena. Partehartzea eta lankidetza oinarri dituena. Bertan, errotuta dauzkagun tradizioak eta ohiturak, berrikuntzekin nahasten dira.
Ildo beretik, jaiez gozatzeko moduari dagokionez, gizalegez, banatzen gaituenari baino batzen gaituenari garrantzi gehiago emanez eta denok batera elkarrekin Beasain bizigarriago baten alde egiteko deia ere egin du; zentzuz, arduraz eta errespetuz. Jokaera oldarkorrak alde batera utziz, eraso sexistak salatuz eta baztertuz, eta kontsumo arduratsuaren alde eginez.
Egitarauan nabarmentzekoak
Aurtengo pdf egitarauaren (8.23 MB) azala iragartzeko kartela Maite Donazar Cubillas beasaindarrak egin du. Aukeran zeuden sei karteletatik, berarena izan da bozketa bidez irabazlea. Haurren mailan Galder Higuero Larreategik egindakoa izan da aukeratua eta egitarauan txertatu da. Aipatu, egitaraua etxe guztietara banatzen hasi dela eta norbaitek jaso ez balu Igunean eskuratu ahal izango du. Horretaz gain, udalaren web atarian zintzilikatua egongo da.
Haurrek emango diote jaiei hasiera danbatekoarekin, aurten Alkartasuna Lizeokoen txanda izango da maiatzaren 19an 18:00etan. Gauean joaldunek Mariren jaitsiera iragarriko dute eta pregoiaren irakurketak barreiatuko du herrian zehar jai giroa.
Nabarmentzekoen artean honakoak azpimarratu dituzte kultur arloko arduradunek. Haur eta gaztetxoen gozamena diren erraldoi eta buruhandiei dagokionez, aurten bi pertsonaia berritu dira erraldoien taldean, Faktorea eta Kantinera. Euren harrera edo aurkezpena Barrandain plazan egingo da lehen ostiralean.
Larunbatean, iaz danborradak estreinatu zuen formatu berria errepikatuko da. Haurren danborradaren irteera izango da lehena. 18:45ean helduen danborradarekin bat egingo du Loinazko San Martin plazan eta zenbait pieza joko dituzte elkarrekin. Ondoren 19:00etan plazatik irtengo da helduen danborrada bere ibilbidea osatzeko.
Igandean, su musikatuen ondoren Carbon Club kale ikuskizuna izango da Erauskin plazan Markeliñe konpainiaren eskutik. Honela, su artifizialen ondorenari indar berezia eman nahi zaio.
Ohiko ekitaldiak, tradizioarekin lotura dutenak, eta kirol jarduerek bere lekua dute egitarauan; sokadantza (agintari, haur eta helduena), asteleheneko prozesioak, pilota txapelketa herrikoiak, koadrilen arteko futbitoko finala, arrantza lehiaketa, xake jokaldiak, haurrentzako jolasak, astearteko azoka berezia, bertso-saioak, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa, dantza topaketa, herri kirol jaialdia, dantzaokea eta beste hainbat. Beasain Jaietan aldizkariak bere hitzorduari ez dio hutsik egingo eta salgai jarriko du 2023ko alea.
Musikari dagokionez, talde haun presentzia izango da jaietan: Garilak 26, Gozategi, Rockalean, Bide batez, Café irlandés, Tsunami taldea, Inpakto, Kai Nakai, DJak Disnoktia eta Defiction eta Demode Quartet.
Prebentzioa eta sentsibilizazioa
Herritarren eta bisitarien ongizatea bermatzeko helburuarekin aurtengo jaietan ere mantenduko dira prebentzio kanpainak. Funtsean, alkoholaren kontsumo arduragabea, indarkeria sexista eta lapurretak saihesteko gomendioak emango dira.
Drogen inguruko Testing programa eta indarkeria sexistari buruzko informazio mahaiak egongo dira ordutegi ezberdinetan. BotilTZAR edo BotilTXAR egitasmoa ere mozorro egunean burutuko dute.
Aholku eta mezuei arretaz jarraitzeko gomendioa egin dute udal ordezkariek jaiak zorigaiztorik gabe ahalik eta gehien disfrutatu ahal izateko. Alkateak Udalaren ahalegina aipatu du nabarmenduz kale garbiketa zerbitzua indartuko dela eta udaltzaingoak ematen duen zerbitzua ere asteburuetan 24 orduz eskainiko da. Hartara, jaiak ongi burutu daitezen lanean ari direnentzako errespetua eskatu du.
Bestalde, jai giroa pizteko eta aldarrikatzeko, udaletxeko balkoietako apaingarri edo faldoi berria estreinatuko da. Beasaingo bandera berria ere egin da. Herritarrei ere dei egiten zaie etxeetako balkoietan Beasaingo bandera zintzilikatzeko. Banderak Bareak-en bulegoan 6 eurotan eta lepoko zapi berriak Bareak elkarteko dendetan 3 eurotan egongo dira salgai.