Idazle lazkaotarraren “Ilargi-kutsadura” proiektua saritu du epaimahaiak aurkeztutako 12 lanen artean, tartean bat Argentinatik iritsia
Iazko irabazleak, Lizar Begoñak, liburua amaitu du eta sariaren bigarren zatia jaso du. Datorren udaberrian aurkeztuko da
Lazkaotik dator aurtengo Igartza Literatur-sorkuntza Beka irabazi duen eleberri proiektua. 33 urteko Irati Irizar, ikasketaz eta lanbidez ingeniaria, irakasle eta aholkulari lanetan jardundakoa da. Garaikurra eta 6.000 euroko sariaren erdia jaso ditu Igartzako jauregian burututako sari emate ekitaldian. Orain, urte eta erdiko epea izango du proiektua nobela bihurtzeko.
Hogeita seigarren edizioa bete du Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek. Igartzako jauregian elkartu ziren sari emate ekitaldian irabazlea zein hiru erakundeetako ordezkariak; Beasaingo alkatea Leire Artola, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren eta CAFeko euskara arduraduna Bianditz Iraola. Ekitaldian ere, Lizar Begoña Madariaga iazko irabazleak, behin bere liburua amaituta, sariari dagokion bigarren zatia jaso du. Itzalkinak eguzkitan nobela datorren udaberrian aurkeztuko da toki berean.
Beasaingo alkatea den Leire Artolaren esanetan, Igartza Literatura Beka beasaindarrontzat berezia da. Aurrera eramaten dituzten ekimenen artean harribitxia. Beasain bere mugetatik haratago ezagutzera eman eta mapan kokatzen duelako eta erreferente delako euskarazko gazteen literaturaren munduan. Horren adibide aurten jasotako lanak; guztira 12, 8 Gipuzkoatik (3 Goierritik), 3 Bizkaiatik eta 1 Argentinatik. Generoari dagokionez 5 emakumezkoak izan dira eta 7 gizonezkoak. Bianditz Iraolak CAFen izenean egilea zoriontzeaz gain bitxikeria moduan irabazlea CAFen lanean aritutakoa izatea nabarmendu du eta ilusioa pizten duen lana dela ere azpimarratu du.
Irati Jimenez Uriartek, Garazi Kamio Anduagak eta Aintzane Usandizaga Lopezek osatutako epaimahaiak erabaki zuen lazkaotarraren proiektua saritzea. Egileak azaldu duenez, liburu bihurtuko den proiektuak Patricio Guzman zinemagile txiletarraren “Nostalgia de la luz” dokumentala izan zuen sorrera puntu. Atacamako basamortuan dago kokatua dokumentala non izar behatzaileak eta diktaduran desagerrarazitako hezur bilatzaileak batzen diren. Biak dute antzekotasuna, batzuk zerura begira, besteak lurrera. Betiere iragana jopuntu. Abiapuntu horretatik, haiek Atacama duten bezala Euskal Herrian Bardeak ditugu, izarrak behatzeko toki aproposa baina era berean faxisten sarraski toki ezaguna 36ko gerran. Basamortu eszenatoki horretan eraiki du lazkaotarrak kontakizuna. Western modernotzat kalifikatu du lana.
Idazle gazteen sorkuntza-lana saritzea
Igartza Literatura beka saria Beasaingo Udalak idazle berrien sormena bultzatzeko helburuarekin sortu zuen. Baldintza nagusiak, 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekoetan helduentzako bi liburu baino ez izatea eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea dira.
Orain arteko irabazleak:
LIBURUA | IGARTZA SARIA | URTEA | ARGIT. URTEA | EGILEA |
---|---|---|---|---|
TUBABU | I.ª | 1994 | Jon Arretxe Perez | |
CONNEMARA GURE BIHOTZETAN | I. beka | 1998 | 2000 | Julen Gabiria Lara |
EGUN DENAK EZ DIRA BERDIN | II.beka | 1999 | 2001 | Xabier Etxeberria Garro |
KORAPILOAK | II. bekaaccesit | 1999 | 2001 | Jasone Osoro Igartua |
ORTZADARRA SUTAN | III.beka | 2000 | 2002 | Fernando Morillo Grande |
VAN´T HOFFEN ILEA | IV.beka | 2001 | 2003 | Unai Elorriaga Lopez de Letona |
HAN GOITIK ITSASOA IKUSTEN DA | V.beka | 2002 | 2004 | Julen Gabiria Lara |
KARONTE | VI.beka | 2003 | 2005 | Asel Luzarraga Zarrabeitia |
AMAREN ESKUAK | VII.beka | 2004 | 2006 | Karmele Jaio Eiguren |
LILE | VII. bekaaccesit | 2004 | 2006 | Peru Magdalena Arriaga |
AULKI BAT ELURRETAN | VIII.beka | 2005 | 2007 | Uxue Alberdi Estibaritz |
ERO | IX.beka | 2006 | 2008 | Jon Martin Etxebeste |
HABITAT | X.beka | 2007 | 2009 | Katixa Agirre Miguelez |
NORA EZ DAKIZUN HORI | X. bekaaccesit | 2007 | 2009 | Irati Jimenez Uriarte |
KATU JENDEA | XI.beka | 2008 | 2010 | Eider Rodriguez Martin |
MEA CULPA | XII.beka | 2009 | 2011 | Uxue Apaolaza Larrea |
BESTE NORBAITEN ZAPATAK | XIII.beka | 2010 | 2012 | Garazi Kamio Anduaga |
GELTOKIAK EDO HELDUTA ENTZUTEKO ABESTIAK | XIV.beka | 2011 | 2013 | Goiatz Labandibar Arbelaitz |
ERRAIAK | XV.beka | 2012 | 2014 | Danele Sarriugarte Mochales |
EZ TIRO EGIN ANBULANTZIEI | XVI.beka | 2013 | 2015 | Mikel Ayllon Corral |
HAUTS HAIETATIK | XVII.beka | 2014 | 2016 | Unai Villena Camarero |
NOLA HELDU NAIZ NI HONAINO | XVIII.beka | 2015 | 2017 | Kattalin Miner Perez |
ZALDI MAMARROA | XIX.beka | 2016 | 2018 | Ekaitz Goienetxea Cereceda |
BASA | XX.beka | 2017 | 2019 | Miren Amuriza Plaza |
ZENDABALITZ | XXI.beka | 2018 | 2020 | Erika Elizari Salvador |
HERRIAK EZ DU BARKATUKO | XXII.beka | 2019 | 2021 | Irati Goikoetxea Asurabarrena |
EZ ERRAN INORI | XXIII.beka | 2020 | 2022 | Maddi Ane Txoperena Iribarren |
ARRAIN HEZUR BAT EZTARRIAN | XXIV.beka | 2021 | 2023 | Olatz Mitxelena Larreta |
ITZALKIAK EGUZKITAN | XXV.beka | 2022 | 2024 | Lizar Begoña Madariaga |
ILARGI-KUTSADURA | XXVI.beka | 2023 | 2025 | Irati Irizar Alvarez |