Elkarte-sarea aldarrikatzeko eta ikusgarritasuna emateko estreinekoz Herriko Elkarteen Eguna ospatuko da urriaren 7an
Elkarteak kalera atera eta ezagutzera emateko helburuarekin aurten ospatuko da lehenengo Herriko Elkarteen Eguna. Beasaingo elkartegintza eta elkarte sarea betidanik aldarrikatu eta balioan jarri du Udalak. Sare honi esker, Beasaingo herriak dinamika eta aktibitate soziala bizirik mantentzea eta Beasain herri bizia izatea lortu du. Elkartegintzak herritarren arteko harremanetan eta sozializazioan laguntzen du. Herriko elkarte eta eragileen arteko elkarlanaren emaitzak, ekimenetan isladatzen dira eta eskaintza hori beasaindarrekin eta beasaindarrentzat sortua izan da. Beasaingo elkarten sarea babestea Udal gobernu honen ardatz estrategiko nagusietakoa da haiei esker, udalerriko kirola, kultura eta dinamika soziala bizirik mantentzen da eta.
Bada ondorio horretatik abiatuz, aurtengo Udazken kulturalean elkarteak eta elkartegintza protagonista izango dituen eguna antolatu da. Urriaren 7an, larunbata izango da eguna. Estreinakoz Elkarteen Egunak elkarte guztiak batera ikusgarri jarriko ditu herritarren aurrean. Herrian elkarte gehiago badaude ere, 27 elkartek parte hartuko dute egun honetan. Beraien lana eta ekarpena erakutsiko dute Erauskin plazan jarriko dituzten postuetan herritarrek ikusi dezaten. Bide batez euren arteko harremana eta elkarlana sustatzeko balioko du aukera honek.
Egitaraua
Elkarteak beteko dituzten postuak goizeko hamarretatik egongo dira ikusgai. Baina horretaz gain ondorengo egitaraua antolatu da goiza borobiltzeko:
- 10:00etatik 13:30era: musikaz giroturik elkarteen standak ikusgai Erauskin plazan barreiaturik.
- 10:00etan Arteria Errizoma proiektukoen eskutik, eskultura kolaboratzailea eraikitzen hasiko dira.
- 11:15etan Gurea abesbatzaren emanaldia (Urbiberri Elkartea)
- 11:45-12:45: Xhutai batukada kaleak girotzen (Bakuntza elkartearen eskutik)
- 12:45-13:30: Dantza (Bakuntza elkartearen eskutik)
Parte hartuko duten elkarteak hauek izango dira: Nagusilan, Urbiberri, Odol Emaileak, Herriak Elkarlanean, Atzegi, Gurutze Gorria, Caritas, Minbiziaren Aurkako Elkartea, Bakuntza, Al Anon, Alcohólicos Anónimos, Asmube, Laukatu, Aittu, Hijos de Martin y Loinaz, Bear pintura Elkartea, Buztingintza Elkartea, Aizkorri Mendizale Elkartea, Loinatz Abesbatza, Loinatz Txirrindulari Elkartea, Goierriko Mendizale Beteranoak, Ortzi Powerlifting Kirol Kluba, BKL, Alfil Xake Elkartea, Igartza Igeriketa, Guske Shorinji-Kenpo, Igartza Arku Tiroketa.
Elkarteek erakutsi edota eskainiko dituzten lanen artean hauek aurkitzen dira besteak beste; Atxipi aisialdi taldeak jolasak, Aurtzaka dantza taldeak jantzi erakusketa, txistularien alardea, Argizpi elkartekoek argazki erakusketa eta rallya, Asmubek antolatzen dituen ikastaroen erakusketaldiak, Arrano kultur elkarteak antolatzen duen margo lehiaketa eta bertso saioa, Aizkorri Mendizale Elkarteak finalista eguna eta Mendi Festibala, Lemniskatak hitzaldiak, Antzerki taldeak Igartzako bisita gidatua, Loinatz abesbatzak kontzertua, eta Ekaitz konpartsak erraldoi eta buruhandien irteerak.