Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Alkartasuna Lizeoko frontoiko irisgarritasuna eta segurtasuna bermatu dira hobekuntza lanekin

2023/09/28

Sigi-sagan eraikitako arrapala berriak ikastetxeko kirol azpiegitura honen irisgarritasuna eta ebakuazio baldintzak bermatu ditu

Barne-pintaketa lanak egin eta LED argiteria instalatzeaz gain estalkiaren eraberritzearekin orain arteko itokin-arazoak konpondu dira 

Estalkiaren diseinua ere aldatu da, isuri-bakarreko teilatua eraikita etorkizun batean plaka fotovoltaikoak modu eraginkorrenean kokatzeko

Alkartasuna Lizeoko frontoiaren estalkiaren eraberritzea eta bertara ailegatzeko irisgarritasun eta segurtasun baldintzak bermatzeko obrak amaitu dira. Joan den apirilean esleitu ziren lanak udan gauzatu dira aldez aurretik ezarritako epeak betez. Udalaren erantzunkizuna da Alkartasuna Lizeoko eraikina eta honen kirol instalazioak baldintza egokietan mantentzea eta duela berrogei urte baino gehiago eraiki zenetik, frontoiak zituen irisgarritasun eta bestelako gabeziei aurre egin die honela. Gaur bertan udal agintariak, Alkartasuna Lizeoko zuzendaria, guraso elkarteko kideak eta obren arduradunak amaitutako lanak ikuskatzen izan dira.  

Guztiak gustora agertu dira lanen emaitzarekin. Leire Artola, alkateak aipatu duenez konplexutasuna zuen lana burutu da. Lizeoko frontoian lanak egin ahal izateko, materiala eraikinaren atzeko aldetik sartu behar izan da, eskolaren barnetik bideragarria ez zela ikusita. Horretarako ondoko landa bideez baliatu da Udala, lursail pribatuko jabeen esku zabaltasunari esker. Premia handia zuen esku-hartzea burutu da frontoiaren inguruan, irisgarritasuna eta segurtasuna helburu hartuta beti ere erabiltzaile guztien mesedetan. 

Irisgarritasuna eta segurtasuna lehenetsi

Laurogeigarren hamarkadan irisgarritasunari buruz zegoen legedia gaur egungo bete beharretatik urruti geratzen zen eta horren erakusle da frontoira iristeko modu bakarra eskilarak izatea. Egoera honen aurrean, Udalak pertsona ororen irisgarritasun baldintzak bermatu ditu esku-hartzearekin, sigi-saga itxurazko egurrezko harrapala irisgarri bat eraikiz. Horretaz gain, frontoian bigarren larrialdi irteera bat ireki da aforoa handitu ahal izateko.

Honetaz gain, urteen poderioz eraikinak hainbat gabezi zituen. Nabarmenena itokinen arazoa zen. Instalakuntzaren erabilpena mugatzeaz gain, ur-filtrazioak hormak kaltetzen ari ziren, esku-hartzea ezinbestekoa eginez. Estalkiaren itxitura berritzeaz gain, esku-hartze hau hormak margotzeko baliatu da, baita zoladurak zenbait puntuetan zituen irregulartasunak zuzentzeko ere.

Eraginkortasun energetikoa

Baina estalkiaren eraberritzea ez da itxitura aldaketa batera mugatu, egituraren geometria aldatu da eraginkortasun energetikoaren ikuspegitik balio erantsi handiagoa izan dezan. Horrela, bi isurietara zegoen estalkia (iparra-hegoa), hegoaldera zuzenduriko isuri bakarreko estalkian bilakatu da. Estalkia udal eraikinen autokontsumorako helburuak bete asmoz, etorkizunean egoki ikusten den unean eguzki-plakak jartzeko prest utzi da. Gainera, iparraldeko fatxadan argizulo handi bat txertatu da frontoira eguzki-argi gehiago sar dadin. Bestalde, egun zegoen argiteria errendimendu altuko LED argiteriagatik ordezkatua izan da. 

Jaurlaritzaren diru laguntza

Udal gobernuak burututako kudeaketari esker Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lanak diruz lagunduko ditu. Esleipenaren prezioa 587.384 eurokoa izan da eta Jaurlaritzak  emandako diru laguntza 287.191,49 eurokoa izan da.

Lan hauek duela bost urte egindakoen ildo berdina jarraituz burutu dira. Orduan ikastetxeko eraikinaren konponketa osoa burutu zen; fatxado osoa, teilatua eta eraikinaren beste zati batzuk eraberritu ziren. Orduan Udal gobernuaren kudeaketari esker Hezkuntza sailak hartu zuen lanen kostu guztia. 

lizeoaAlkar obra

lizeoaAlkar obrajpg