Iker Markinez sukaldari beasaindarrak eskainiko du tailerra eta nobedade gisa azokan piper morroia eta txile habaneroa izango dira
Abuztuko oporren ondotik irailaren 7an itzuliko da hileko lehen larunbateko bertako eta garaian garaiko produktuak sustatu eta kontsumitzeko azoka berezia. Hilabete honetan ere udako barazkiak protagonista izaten jarraituko dute.
Sasoi honetako barazkiak bere onenean aurkitzen dira eta beste batzuen artean, lekak, tomateak, letxugak, kalabazinak, piperrak eta alberjiniak izango dira protagonista nagusiak. Barazkiak kalitatezko produktuak, eskuragarriak eta oso osasungarriak dira, baratzetik zuzenean azokara ekarriak. Uda janari fresko eta arinaren garaia da. Kolorez betetako platerak, plater nutritiboak eta arinak gure mahaiak urez betetzen dituzte, bitamina, mineral eta konposatu bioaktibo ugari emateko, antioxidatzaileak eta zuntza kasu.
Nobedade gisa larunbat honetako azokan, piper morroia eta txile habaneroa izango dira. Piper morroiak ez du zapore min bereizgarririk eta, aldiz, zapore gozoa du. Txile habaneroa aldiz, bere barne-hazi jangarriekin, pipar itxura du eta zapore mina dauka.
Barazkiez gain, beste produktu batzuk saltzen dituzten postuak ere izango dira: eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak eta haziak.
Tailerraren orduan, Iker Markinez sukaldari beasaindar ezagunak, bertako produktuekin plater batzuk sukaldatzen irakatsiko du.
Egitaraua
Larunbat honetako azokako egitaraua, hau izango da:
- 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.
- 11:30 “Bertako produktuekin sukaldean jolasean” tailerra Iker Markinezen eskutik.
- 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.
- 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.
Bertakoa eta garaian garaikoa bultzatzea
Bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta kontsumitzaileek azoka eta bertako produktuak ezagutu eta horiek kontsumitzeak dituen onurak ezagutzera eman eta sustatzea da udalaren helburua. Era berean, bezero gazteak erakartzea eta harremanak sustatzeko topagune izatea ere bada asmoetako bat, azokak berarekin dituen onurek iraupena izan dezaten belaunaldi berrien artean.