Proiektuaren helburua mugetan egon daitezkeen akatsak argitzea eta zuzentzea da, baita muga eta mugarriei GPS koordenatuak ematea ere
Udalerriko landa-lurzoruaren hedadura dela eta lan hau erronka oso garrantzitsua da, horregatik fase ezberdinetan egingo da
Jabeek edo haien oinordekoek landa-jabetzak ahaztu edo ez badituzte ezagutzen, landa-eremuetako mugarriak eta mugak nahastu edo desagertu egiten dira. Horren ondorioz, mendia ez da zaintzen, eta ondorio larriak eragiten dizkio landa-munduari.
Egoera horren aurrean, Beasaingo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak diruz lagunduta, landa-lurzoruan 85 hektareako azalera hartzen duten ia 200 partzela digitalizatu eta mugatzeko lanak hasi ditu Geograma enpresaren laguntzarekin. Beasaingo udalerriko landa-lurzoruaren hedadura dela eta, proiektu honekin Udalak aurrean duen erronka oso garrantzitsua da. Horregatik, lan horretaz arduratzen den Geograma enpresak udalerriko 8. poligonoko landa-partzelak mugatzeari ekingo dio; gainerako poligonoak hurrengo urteetan egingo dira.
Horretarako, ezinbestekoa da 49 lur-jabeen laguntza izatea lanak behar bezala egin ahal izateko. Lur-jabeek lur eremu arteko mugak eta mugarriak adostu beharko dituzte mugakideekin. Lanak egin ondoren, titularrei planoak emango zaizkie, markatutako mugekin eta mugarrien koordenatuekin, eta, behar izanez gero, katastroko mugak zuzenduko dira.
Elkarlanerako deia
Beasaingo Udalak lur-jabeen laguntza eskatu du, mugakideekin mugak adostu ditzaten, hori beharrezkoa baita lanak egiteko. Mugakideen artean akordiorik ez badago, ezin da proiektua egin. Lur-jabeen parte hartzea borondatezkoa da, eta ez die inolako gastu ekonomikorik eragingo. Aldez aurretik, mugak garbitu eta mugarriak lokalizatu beharko dituzte jasotze topografikoa egiteko.
Beasaingo 8. poligonoko landa-lurzatien jabe guztiek gutun bat jasoko dute proiektua azaltzeko bilera batera deituz. Interes amankomuneko proiektua da, eta beraz, Udalak eskertzen du laguntza.