Udalak eta Bareak merkatari elkarteak Gabonetako erosketak egiteko proposamena luzatzen duen sentiberatze kanpaina aurkeztu dute
Beasaingo Udalak tinko eusten dio tokiko erosketa eta kontsumoa bultzatzeko konpromisoari, udalerriko merkataritza eta zerbitzu-sektorea bultzatzeko balio dezan. Helburu horretan, Bareak merkatari elkartearekin duen hitzarmenaren bidez, elkarlana, babesa eta sustapenean laguntza eskaintzen du. Tokiko ekonomia aktibatzea beharrezkoa da eta merkataritza-sarea indartzeko. Merkataritza bizia funtsezkoa da udalerri bat bizirik izateko. Izan ere, herritarren arteko gizarte-harremanek gizarte-kohesioa indartzen dute, eta dendak eta zerbitzu-bulegoak topaleku dira eguneroko bizitzarako eta eguneroko ohituretarako. Herri izaera indartzen da. Udalerrian bertan kontsumitzeak eragina du herritarrengan eta ekonomia zirkularra bultzatzen du. Horretarako, Beasaingo Udalak udalerriko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan kontsumitzeak duen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzeko kanpainari babesa eta zabalpena eskaini dio gaur Beasaingo udaletxean egindako aurkezpena. Adur Ugartemendia alkateordeak azaldutakoaren arabera "Gabonak gertu daude eta saltokientzat duen garrantzia ezbairik gabekoa da. Urteko kanpaina garrantzitsuena euren salmententzat eta Udalak hor bere ahalegina eta laguntza gehitzen du".
Bareak-ek antolatutako kanpaina
Bareak elkarteko ordezkari Marijo Irazustabarrenak "Funtsezkoak" sentiberatze kanpaina aurkezterakoan aipatu du honen helburu nagusietako bat, herritarrengan bertakoa kontsumitzeak duen garrantziaren inguruko kontzientzia sortzea dela. Gaurtik aurrera mezu hori zabalduko dute herriko gune ezberdinetan, eta euskarri ezberdinen bidez. "Lehengo urteko ZURE, NIRE, HERRIARENGATIK kanpainaren bigarren atala bezala ulertu daiteke kanpaina hau.
Aurten, haratago joan izan nahi dute. Saltokietan dauden pertsonak aurrera pauso bat eman, eta herriari eta herritarrei eskaintzen diotena balioan jarri nahi izan dute. Gaur egun produktuak edozein tokitatik eta edozein modutan eskuratzeko aukera dago, baina tokiko merkataritzak eskaintzen duen gertutasun eta konfiantza hori azaleratu nahi izan da, hori ezin baita beste motatako erosketa batzuen bidez eskuratu. Kanpaina kaleratzeko hainbat euskarri erabiliko dituzte. Alde batetik herriko markesina, udaleko pantaila eta hedabideetan jarriko diren mezuak, eta bestetik, abenduan kaleratuko den bideo bat.
Gabonei begira
Gabonei begira elkarteak egiten dituen hainbat ekintza ere sentiberatze kanpainarekin lotu nahi izan dituzte. Urte batzuk daramatzate herriko beste elkarte eta eragile batzuekin elkarlanean, ezinbestekotzat hartzen baitute elkarren arteko harremanak egonkortzen joatea. Hori dela eta, Beasaingoa den “Balu” artistarekin harremanetan gabonetara begira oparitzen dituzten poltsak, berak egindako artelana eramango dute inprimatuta. Eskertu dute bere prestutasuna eta beraiekin lanerako prest eta gogotsu egoteagatik, eta elkartearentzat horrelako artelana sortzeagatik.
Egingo diren ekintzei ere aipamen bat egiteko aprobetxatuko dute: erosketa bonuak egongo dira, gabon saskiak, txu-txu trena, erakusleiho lehiaketa udalarekin elkarlanean, eta abar. Erosketa bonoak saldai egongo dira abenduaren 1etik aurrera elkartearen bulegoan, 40 euro erosi eta 50 gastatzeko. Gogoratu dute Beasainen behar den guztia eskuratu daitekela, aukera zabala, gertukoa, eta konfiantzazkoa baitago. Gauzak horrela, elkartetik herriarentzat eta herritarrentzat egiten dituzten ekintzak eragina izango dutela espero dute.
Beasaingo saltoki, zerbitzu, eta ostalaritzaren aldeko apustua egin duten guztiei eskerrak eman dizkiete, tokikoaren alde egiten dutenei, FUNTSEZKOAK direlako herriko merkataritza bizirik mantentzeko.