Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Beasaingo Baratze publikoetan izena emateko aukera zabalik

2023/12/19

Egun, 30 metro karratuko 10 partzela daude eskuragarri eta izen ematea irekita egongo da abenduaren 28a arte

Edozein herritarrek du parte hartzeko aukera eta eskaerak iGunean edo erregistro elektroniko bitartez aurkeztu behar dira. Partzela baino interesdun gehiago egongo balira zozketa egingo da.

Sorreratik, langabezian daudenentzat funtzio okupazionala betetzea izan dute helburu, baita lurra eta naturarekiko lotura indartu, ohitura osasuntsuak sustatu eta aisialdi aktiborako topagune izatea ere 

Helburu soziala lehenesten duten baratze sozialen parkeak sei urte bete ditu bere sorreratik. Beasaingo Udalak, Kutxa fundazioaren Ekogunearekin jarri zuen martxan egitasmo hau 2017an. Horri jarraiki, Udalak Baratze parkeko herri baratzeetan izena emateko epea ireki du berriz ere. 

Aisialdi aktiborako topagune

Langabezian dauden pertsonentzat funtzio okupazionala betetzen du baratze parkeak. Gainera Langintza honekin lursailen emaitzak auto-hornikuntzarako erabiltzeko aukera ematen du lurraren fruituak, baratzen laborantzak emanak, norberaren kontsumorako dira eta elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzearen alde egiteko ere balio du. 

Beste onuren artean ere baratze Parkeak norberaren barazkiak era ekologikoan egiteko aukera eskaintzen du. Aisialdi aktiborako topagunea da, giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremana bultzatzen duen gune berdea. Bertan belaunaldi ezberdinen arteko trukea emateko aukera ematen du, naturarekiko errespetua sustatuz.

Baratze parkea Gudugarreta auzoko Ubiotz eremuan dago kokatua, Estanda lantegiaren atzealdean erreka bazterrean kokatua dago. Orotara 55 lursail edo partzelatan banatua dago Beasaingo parkea, 30 m2 koa bakoitza. Horietatik 15 egoera sozial ahulean dauden pertsonak erabiltzen dituzte. 

Gipuzkoako Parke sarean barneratua

Beasaingo parkea Gipuzkoako Parke sarean barneratua dago eta sare honek eskaintzen dituen zerbitzuak jasotzen ditu; buletinak (ekitaldi eta aktibitateen berri ematen duena), baratzeen egoeraren jarraipenak, tailer praktikoak, ekitaldiak, baratzetarako material desberdinak, modu ekologikoan kultibatzeko informazio praktikoa, ongarriztatzeko gomendioak, kartara-zerbitzuak kontratatzeko atala, aholku praktikoak, ekimenen agenda, argazki galeriak, eta abar.

Partzela erabiltzeko eskubidea edukitzeaz gain, erabiltzaileek erremintentzako biltegi eta aldagela gisa erabil dezaketen etxola dute bertan, uraskak eta auzo-konposta egiteko guneak ere. Lursailak urtebeteko aldirako ematen badira ere, epea hiru urte arte luzatu daiteke.

Izena emateko baldintzak

Guztira 30 metro karratuko 10 partzela egongo dira oraingoan eskuragarri Beasaingo Baratze Parkean eta interesdunek abenduaren 28a arte izango dute bertako baratzeetan izena emateko epea. Horretarako ezinbestekoa izango da Beasainen erroldatuta egotea azken bi urteetan. 

Izena emateko, halaber, interesdunek eskaera inprimakiak bete eta horiek Udal informazio bulegoan (iGunean) edo erregistro elektroniko bitartez aurkeztu beharko dituzte, gehienez, abenduaren 28an. 

Bete beharreko beste baldintzen artean honako hauek aurkitzen dira: Beasaingo Udalarekiko zerga betebeharren eta bestelakoen ordainketa eguneratuta izatea. Beste baratze ekologiko baten erabiltzaile den familia unitate bateko kide ez izatea. Eskatzaileak zein familia unitateko kideetako inork Beasainen ez izatea nekazaritza jarduketarako balio duen landa lurrik, ez jabetzan, ez usufruktuan, ez errentan. Aisialdiko baratze ekologikoak eduki izan dituenean, arautegi honetan jasotakoa ez betetzeagatik zigorrik jaso ez izana.

Izena emateko ondorengo dokumentazioa ere aurkeztu beharko da: NANaren edo legez horren ordezkoa den dokumentuaren fotokopia eta langabea edo gizarte-larrialdietarako laguntza jasotzailea edo ezgaitua izatearen egoera egiaztatzen duen dokumentua, hala izanez gero.

Behin izen emate epea amaituta eta eskaera guztiak jasota, Udalak onartu eta baztertuen zerrenda argitaratuko du eta 5 eguneko epea zabalduko du erreklamazioak egiteko.

baratze parkea 2