Udalak eta Bareak merkatari elkarteak Gabonetan Beasainen erosketak egiteko mezua zabaldu dute
Honi lotuta, Eguberriari begira antolatuta dauden ekitaldien egitaraua aurkeztu dute
Eguberri hauetan behar dugun guztia Beasaindik mugitu gabe erosi dezakegula azpimarratu nahi dute Bareak merkatari elkartekoek. Urte sasoi honetan erosketak egiteko herritarren aukera Beasain izatea da helburua. Horregatik Udalak eta Bareak Beasaingo Merkatari Elkarteak Gabonetan antolatutako ekimenen berri eman dute. Bi erakundeak elkarlanean Beasainen erosteko eta kontsumitzeko mezua zabaldu dute.
Udalaren izenean Leire Artola alkateak tokiko merkataritzarekin duen konpromisoari berretsiz, Beasainen erosteak duen garrantzia azpimarratu du. Tokiko ekonomia bultzatzea eta indartzea gobernu taldearen legegintzaldiko ardatz estrategikoetako bat den heinean, garrantzitsua da udalerriko saltokietan kontsumitzea Eguberri garaian ere.
Gertukoa konfiantzazkoa izateaz gain arreta pertsonalizatuarekin lagunduta doa. Tokiko merkataritzaren ezaugarriak balioan jarriz, bertako ekonomian duen eragina azpimarratu du udal agintariak; merkataritza eta ostalaritza sareak herri izaera indartzeko laguntzen du eta sozializaziorako elementu ezinbestekoa dela aipatu du tokiko merkataritza indartsua edukitzea. Alkateak, merkataritzaren lagungarri, urte sasoi honetan herria girotzeko, kaleetan eguberriko argiztapena eta ekitaldi ezberdinez osatutako kultur agenda erakargarria antolatu dela erantsi du.
Behar duzuna Beasainen
Bareak Beasaingo Merkatari Elkartearen izenean Bakarne Lezeta, Mari Jose Irazustabarrena eta Ane Aristik egun hauetan elkarteak antolatu dituen ekimenen berri eman dute. Gabonetako erakusleihoen lehiaketa, saskien zozketak, erosketa bonoak, opariak, poltsa berrerabilgarrien banaketa, eta aurten erretiratu diren merkatariei omenaldia dira aipagarrienak.
Aurten txu-txu trenak ere ez du hutsik egingo abenduaren 27 eta 28an egongo da bidaiariak eramanez Beasaingo kaleetan. Bareak-eko panpina ere kalean ibiliko da eta berarekin argazkia atera eta sare sozialetara igotzen dituztenen artean 200 euroko erosketa-saria zozketatuko dela jakinarazi dute.
Erakusleihoak dotoretzeko lehiaketa
Udalarekin elkarlanean antolatutako Gabonetako erakusleiho lehiaketan 14 saltokik hartu dute parte eta erakusleihoak abenduaren 9tik urtarrilaren 6ra izango dituzte apainduta. Epai-mahaia, Udaleko ordezkari batek, Bareakeko ordezkari batek, herritarren botoek eta aditu batek osatuko dute. Guztira 738 pertsonek eman dute botoa.
Botoa eman dutenen artean hiru sari zozkatuko dira: 200 euroko txeke bat eta 100 euroko bi txeke lehiaketan parte hartu duten dendetan erabiltzeko. Sari emate ekitaldia abenduaren 28an izango da, 15:30ean udaletxeko Batzar aretoan. Irabazleak urte osoko erakusleiho apainketa zerbitzua jasoko du.
Ekitaldiak
Mariola Pascual, kultur zinegotziak, bere aldetik, Eguberri hauetarako udalak antolatu dituen ekimenen berri eman du. Gaurtik aurrera begira jarrita, abenduaren 23an bere garaian eguraldiagatik bertan behera geratu zen erraldoien eta buruhandien bilkura egingo da kaleetan zehar. Egun berean, 19:30ean Usurbe antzokian, Ostadar dantza taldearen jaialdia eskainiko da. 24an Olentzero eta Mari Domingi izango dira haurrak agurtzen eta gutunak jasotzen, eta zanpantzarrak ibiliko dira herrian. Goizeresiko txistularian Eguberri egunean kalejiran ibiliko dira. 26an Pon eta Pa haurrentzako ikuskizuna egongo da plazapean 18:00etan. Ordubete beranduago Bakuntza elkartearen dantza emanaldia izango da Erauskin plazan.
Abenduaren 27an eta 28an Gabonetako haurren parkea egongo da Kiroldegian. 27an Goieniz zine klubaren ohiko emanaldia izango da eta Beasain Kirol Sarien gala Igartzako jauregian ospatuko da. 28an udaletxean erakusleiho lehiaketaren sari ematea eta merkatari erretiratuei omenaldia egingo da 15:30ean. Arratsaldean 20:00etan, Kukai dantza taldearen emanaldia izango da Usurbe antzokian. 29an Lorratzek antolatutako kale jolasak eta Goikusek antolatutako antzerkia (TuTum Platz).
Abenduaren 31n, urteari agur esateko San Silbestre txikia eta San Silbestre krosa ohiko legez.
Urte berriarekin, urtarrilaren 3an Kimikari zientzia tailerra egingo da Urbietako gaztegunean 10:00etan. Kiroldegian 15:00etan hasiko da 3x3 saskibaloi txapelketa eta 18:00etan magia ikuskizuna izango da Igartzako jauregian.
Eguberriari dagokion azken ekitaldia errege egunaren bezperako erregeen karta jasotzea eta zamalkadarekin amaituko da.
Herritarrak ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte eta edozein xehetasun jakiteko udalaren web orriko agendan edo udal aplikazioa begiratzeko gomendioa luzatu dute udal arduradunek.
Aurten erretiratu diren merkatariei aitortza
Azken urteetako ohiturari jarraiki, erakusleihoak dotoretzeko lehiaketaren sari emate ekitaldiarekin batera, aurten erretiratu diren merkatariei omenaldia egingo zaie. Aurten oroigarria jasoko dutenak hauek izango dira: Marisa eta Elena Yañez (Yañez bitxitegia), Jose Antonio Diez (Barrendain plazako estankoa), eta Antonio Jarit (oinetako konpontzailea). Ekitaldia abenduaren 28an, 15:30ean izango da udaletxeko batzar aretoan.