Udalak Aldundiko Gazteria zuzendaritzaren laguntzarekin antolatutako Treba Gurasoak prestakuntza-eskaintzak hiru hitzaldi eskainiko ditu datozen astetan Beasainen
Pornografia, harremanak eta osasun mentalari buruzkoak izango dira eta aldez aurretik izena eman beharko da
Treba Gurasoak prestakuntza eskaintzaren hirugarren edizioa beteko da Beasainen, eta hiru hitzaldi eskainiko dira datozen astetan. Aurreko ikasturtetan izandako emaitza positiboaren ondorioz aurtengoan ere Beasaingo gurasoei eskaintza bera egitea erabaki du Beasaingo Udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzarekin elkarlanean antolatutako Treba Gurasoak prestakuntza-ekimenak, gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko helburua du.
Ez dago zalantzarik seme-alaben bizi-garapenean laguntzeko gurasoek jokatzen duten papera garrantzitsua dela. Haur eta nerabeen heziketa-prozesuan, guraso guztiek behar dute momenturen batean laguntza, guraso bezala dituzten funtzioak era egokian garatzeko. Laguntza edo sostengu horrek, ordea, ez du izan behar konpontzailea edo terapeutikoa bakarrik; aitzitik, helburu prebentiboa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu.
Pornografia, harreman osasuntsuak eta osasun mentala
Aurtengo edizio honetan aurreko urteko esperientzian oinarrituta, parte hartu zuten gurasoek eskatutako gaiak eta proposatutako hobekuntzak kontuan hartu dira. Beasainen burutuko diren hitzaldiak hiru, doan eta Igartzako jauregian eta Alkartasuna Lizeoan izango dira arratsaldeko 18:00etan.
Lehena datorren otsailaren 27an. “Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote?” izenburupean, nerabeen gurasoei zuzenduta egongo da. Trebatzailea Eider Goiburu izango da eta landuko diren edukiak, gailentzen den pornografia-eredua eta ezaugarriak, pornografia eta nerabeen iruditegia, familien funtzioa sexu-heziketan eta sexu-heziketza hezkidetzaile baterako gakoak.
Bigarren hitzaldian martxoaren 4an, “Harreman osasuntsuak lagun artean” gaiaren inguruan arituko da Nerea Mendizabal. Seme-alabek lagunen artean dituzten zailtasunetan gurasoei zein leku dagokien hausnartuko da, izan ditzaketen gatazketan laguntzaile osasungarri bilakatzeko. Beraien liskarretan noiz eta nola esku hartu proposatzeaz gain, ideiak proposatuko dira helduen jarrera lagungarri eta oztopagarriak identifikatu, eta mingarriak diren jarrerak egin edo jaso ditzaketenerako.
Eta hirugarren hitzaldia, martxoaren 21ean izango da Alkartasuna Lizeoan. “Osasun mentala eta nerabeak” izenburupean, honako helburu hauek landuko dira: Seme-alaben hazkuntzan familiak duen babesteko zereginaren garrantzia sustatzea. Deserosotasuna, antsietatea eta jazarpen-egoerak detektatzeko eta identifikatzeko ezagutzak eta oinarrizko informazioa ematea eta balizko jazarpen-egoeren aurrean egoki eta indarkeriarik gabe erantzuten lagunduko dieten trebetasunak eta estrategiak ematea.
Hitzaldiak euskaraz izango dira eta parte hartzeko, ondorengo estekan eman beharko da izena.