Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Txakur jabe arduratsua izateko ikastaroak itzuli dira

2024/02/23

Aurtengo Txakur Eredugarri Programaren edizioaren lehen formakuntza ikastaroa martxoaren 5ean hasiko da eta izen ematea zabalik dago udalaren webean

Euskal artzain txakur erakustaldi, eta adineko pertsonei zuzendutako saio teoriko-praktikoei jarraipena emango zaie  

Udalerriko txakur jabeak arduratsuak izateko eta herritarren arteko bizikidetza hobetzeko helburuz Udalak sortutako programa aitzindaria da 

2024ko Txakur Eredugarri Programak datozen egunetan hasiko du bere ibilia. Herritarren arteko bizikidetza eta udalerri atsegin, txukun, eroso eta bizigarria izateko helburuari jarraiki, Beasaingo Udalak sortutako programak bostgarren edizioa beteko du honela. Animalien jabetza arduratsutik abiatuz, txakurren eta pertsonen arteko elkarbizitza hobetzera dator programa hau.   

Jabe eredugarri izateko formakuntzak, sozializazio paseoak,  Euskal Artzain Txakurren erakustaldiak eta hirugarren adinekoen tailerrak osatuko dute berriz ere aurtengo programa. 

Formakuntza arrakastatsua

Udal gobernuak ekimen hau abian jarri zenetik, 110 jabe-txakur bikoteek hartu dute parte formakuntzetan eta sozializazio paseotan. Arrakasta hau ikusirik, bosgarren urtez jarraian, aurten errepikatuko diren Jabe Eredugarri izeneko formakuntza intentsiboen hiru txanda antolatu dira bakoitza zortzi saio presentzialez osatua. Martxoaren 5ean hasi eta asteartero burutuko dira udaletxeko plazan 18:00tan. Eskaera asko jasoko balira, bigarren talde bat ere osatuko litzateke. Honela, hurrenez-hurren astero burutuko dira saioak azterketara iritsi arte. Bertan, kanpotik etorritako hezitzaile-aztertzaile batek azterketa bat egingo die parte hartu nahi duten txakur-jabe bikoteei. Horrela, azterketa gainditzen dutenek txakur heziketa titulu ofiziala jasoko dute.

Saio hauetara txakur jabeak txakurrekin etorri beharko dira, bat pertsonako, eta saioak praktikoak izango dira. Ekintza honetan parte hartzeko izena eman beharko da Beasaingo Udalaren webean aurkitzen den txakur eredugarri programako atalean helbide honetan .

Sozializazio paseoak ere jarraipena izango dute. Ostegunero errepikatuko dira. Jabeak eta txakurrak Loinazko San Martin plazatik abiatuko dira arratsaldeko 18:00etan. Nahitaezkoa izango da kurtsoan izena ematea paseoetara batzeko.  

Euskal artzain txakur erakustaldia

Egitasmoan ikusgarritasuna duen ekimenetako bat Euskal Artzain Txakurren erakustaldia da, iaz Igartzako Monumentu Multzoko zelaian bigarrengoz egin zena. Saio honen helburua, gurea den eta desagertzeko arriskuan dagoen arraza bat ezagutarazi eta balioan jartzea da. Horretarako, txakur hauen gaitasun eta abileziak agerian jarriko dituen erakustaldi bat burutuko da maiatzeko lehen astebukaeran.

Adineko pertsonekin elkarri eragin

Berriro martxan jarriko den beste edukietako bat hirugarrenez adinekoekin burutuko diren tailer teoriko-praktikoak izango dira. Txakurrak laztandu eta beraiekin komunikatuz, estimulazio kognitibo eta sentsoriala landuko dute, baita komunikazio afektibo eta ludikoa indartu ere. Arangoiti Nagusien Egoitza, Eguneko Zentroa, Urbiberri gizarte egoitzan ordubeteko saioak egingo dituzte txakur hezitzaile profesionalen gidaritzapean. 

Kontzientziazioa eta sentsibilizazioa

Egunetik egunera, handitzen doa maskota kopurua udalerrian. Horregatik, ezinbestekoa da txakurrak dituztenen eta ez dituztenen arteko elkarbizitza eta harreman egoki baterako baliabideak eta bitartekoak eskaintzea. 

Txakur eredugarri programak, bitarteko ezberdinak erabiliz, txakurren eragina eta hauekin harremana izan dezaketen eremu eta eragile guztiengana iritsi nahi du. Horrela, txakur gorotzak kalean uztea edo txakurrak gune publikoan aske eramatea bezalako dinamikak ezabatu nahi ditu formakuntza eta sentsibilizazioaren bitartez. Beasaingo Udalak programa hau elkarlanean burutuko du Arriaran auzoan kokatuta dagoen Kangune txakurren trebakuntzan espezializatutako zentroaren laguntzarekin.

txakur jabe eredugarri 3