Udalak, emakume hauen memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea eta mugimendu feministak aintzatesten laguntzeko konpromisoarekin bat egiten du
Ekitaldien antolaketan, Udal euskaltegia, Asmube, Beasaingo berdintasun kontseilua, Asanblada feminista eta herriko ikastetxeak parte hartu dute Udalarekin elkarlanean
Martxoaren 8an, emakumeen nazioarteko eguna dela eta, Beasaingo Udalak data honen inguruan antolatutako egitaraua aurkeztu eta aurtengo aldarrikapenak ezagutarazi ditu. Agerraldian, Leire Artola alkatea, Ainhoa Arrese berdintasun arloko zinegotzia eta Jaione Fraile berdintasun teknikaria izan dira.
Udal ordezkariek, EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartearen aldarrikapenarekin bat eginez, Emakumeen nazioarteko egun honetan, bidezkotzat eman dute historian zehar eraldaketa feministak eragin dituzten emakumeen belaunaldiekiko zorra aitortzea mugimendu feministaren borroka kolektiboetan.
Arreta jarri da adineko emakumeen egungo belaunaldian, sistematikoki estereotipatua eta diskriminatua den belaunaldi horretan, sozialki garrantzirik gabekoa bihurtu duten horretan. “Adineko emakumeek dituzten jakinduriak eta errealitatearen ikuspegi kritikoa balioestea lagungarria da memoria historikoa erreparatzeko. Konponketa horrek aukera ematen digu gure aurreko emakumeak ezagutzeko eta iragana, oraina eta etorkizuna lotuko dituen belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko”, azaldu du Artola alkateak.
Udalok, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak garenez, aukera eta ardura dugu, toki-eremuan, emakumeen belaunaldien historia berreskuratzeko eta emakumeek eta borroka feministek udalerrien bizitzari eman dioten balioa aitortzeko, adineko emakumeen egungo belaunalditik hasita, erantsi du alkateak.
Aitortza eta babesa
Ainhoa Arrese berdintasun arloko zinegotziak, aitortza honetatik abiatuz, Udalaren konpromisoez aritu da. Emakume hauen memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea eta mugimendu feministak aintzatesten laguntzea aipatu du. Era berean, ezagutzak eta esperientziak trukatzeko belaunadien arteko topaketa eta elkarrizketa guneak babestea eta emakumeen ikusgarritasun soziala, bereziki adinekoena, sustatzea zilegizkoa dela.
Honi lotuta, adineko emakumeei, bereziki alargunei ahalduntze ekonomikoa bermatuko dieten diru-sarreren eta pentsioen eskaera babestea eskumena duten erakundeen aurrean tokiko erakundeen konpromisoa ere badela azaldu du baita hauentzat dauden laguntza eta prestazio ekonomikoak ezagutaraztea.
Adineko emakumeei autonomia eta aktibismoa mantentzea ahalbidetzeko Udal eskumeneko laguntzak eta zaintza zerbitzu publikoak indartzea ere bada beste konpromisoa. Kolektibo honen aurkako indarkeria matxistaren eraginari aurre egiteko erantzunak ere eginkizun hartzen ditu Udalak. Azkenik udalerriak emakumeen tokiko memoria berreskuratzeko abian jartzen ari diren ekimenak ezagutaraztea eta ikusaraztea konpromisotzat hartzen ditu.
Ekimenak hilabete osoan
Beasaingo Berdintasun Kontseiluak, Asmubek, Asanblada feministak eta udal euskaltegiak Udalarekin elkarlanean antolatutako egitarauaren berri eman du Jaione Fraile berdintasun teknikariak. Arlo askotariko ekimenak izango dira; erakusketa, antzerkia, hitzaldiak, lehiaketa, eta abar. Herriko ikastetxeak ere badaramatzate aste batzuk emakume erreferentei buruzko lana burutzen martxoaren 8ko ekitaldian aurkezteko.
Lehen hitzaldia otsailaren 27an burutu zen Treba gurasoak zikloaren barruan “Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote?” izenburupean. Otsailaren 28an ere Feminissimas antzezlana eskaini zen Usurbe antzokian.
Martxoan zehar Udal Euskaltegiak urteroko legez antolatzen duen M-Lehiaketak lau emakume eraldatzaile gogora ekarriko ditu. Zeintzuk diren asmatu beharko da.
Martxoaren 7tik 24ra, Asmube elkarteko tailerren lanak ikusgai izango dira Igartzako jauregian. Erakusketa inauguratuko den egun berean baina ordu erdi lehenago, 18:30ean, “Envasadas” mikro-antzezlana izango da Igartzako jauregian. Zaloa Zamarreño eta Libe Mendizabal beasaindarra dira ikuskizuneko protagonistak.
Martxoaren 8an, hiru hitzordu nagusi izango dira; 11:00etan herriko ikastetxeen ekitaldia izango da udaletxeko batzar areto nagusian. 12:00etan Loinazko San Martin plazan kontzentrazioa egingo da, eta azkenik arratsaldeko 18:00etan “Dena aldatzeko” ekitaldiari emango zaio hasiera Erauskin plazan.
Azkenik, liburu trailer lehiaketa antolatu da. Udal liburutegiarekin batera, feminismoa, tratu onak eta bizikidetza lantzen dituen bibliografia proposatu dute. Banaka edo taldeka liburu bat aukeratu eta gehienez 3 minutuko iraupena duen bideo bat sortu beharko dute. Bideoak
Martxoak 8ko bandera eskuragai
Udalak martxoak 8 jartzen duen banderolak eskuragai jarri ditu Igunean. Egunotan balkoietan eta saltoki eta negozioetako erakusleihoetan jartzera gonbidatzen ditu herritarrak. Halaber, ekitaldietan parte hartzeko deialdia ere zabaldu dute udal ordezkariek.