Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

San Inazio–Esteban Lasa ardatza birgaitzeko lanen xehetasunak azalduko dizkie Udalak bizilagun eta merkatariei

2024/04/13

Datorren asteartean hilak 16, udaletxean egingo diren bileretara daude deituta merkatariak (13:30ean) eta bizilagunak (18:00etan)

Oinezkoen irisgarritasuna eta bide-segurtasuna hobetzeaz gain espazio publiko atseginagoa bilakatuko da, bizilagunei eta merkataritzari espazio zabalagoa eskainiz

Hastear dira Beasaingo erdiguneko arteria nagusietako bat osatzen duten San Inazio eta Esteban Lasa kaleak birgaitzeko lanak. Lan hauek eragina izango dute udalerrian oro har baina zuzenagoa bertako bizilagun eta merkatariengan. Horren jakitun, Udalak egunerokoan bertan bizi eta lan egiten duten herritarrak behar bezala informatu nahi ditu lanek izango duten garapenari buruz eta dauzkaten zalantzak argitu nahi dizkie.

Hori horrela, apirilaren 16rako bi bileran antolatu dira udaletxean. Lehena 13:30ean izango da merkatariekin. Eta bigarrena arratsaldeko 18:00etan bizilagunekin. Proiektua eta lanen nondik norakoak azalduko dituzte udal arduradunek lanak burutuko dituen enpresaren ordezkariekin eta proiektuaren egileekin batera. 

San Inazio-Estaben Lasa, denda, saltoki, ikastetxe eta zerbitzu ugari biltzen dituen ardatza da eta pertsonen topaleku eta joan-etorrirako eremua da. San Inazio kalearen garapenak 60. hamarkadan eman zituen lehen pausoak eta Esteban Lasa geroago gehitu zitzaion. Orduz geroztik ez da bertan esku hartzerik burutu eta azaleko konponketak soilik jaso dituenez, agerian gelditu dira urteen poderioz pairatzen dituen gabeziak. 

Hargatik, udalerriko beste hainbat kaleetan egin den bezala, ardatz hau egungo behar eta baldintzetara egokitzeko erabakia hartu zuen udal gobernuak, oinezkoei egokitutako espazioak lehenetsiz eta bertako merkataritza eta saltokiak indartzeko konpromisoarekin jarraituz. Bide segurtasuna hobetzeaz gain lurpeko lanak ere burutuko dira zerbitzu eta ur-saneamendurako sareak berrituz. 

Otsaileko osoko bilkuran erabaki zen San Inazio eta Esteban Lasa kaleak berrurbanizatzeko proiektuko obrak esleitzeko proposamena. Construcciones Otegui-Gaztañaga S.L. enpresak burutuko ditu lanak 2.548.960,64 euroan (BEZ barne).