Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Larunbateko azokak uda sasoiko barazkiak ekarriko ditu

2024/07/04

Uda garaiak baratzeen oparotasuna dakar elikagai fresko eta osasuntsuekin

Bertako eta garaian garaiko produktuak sustatu eta kontsumitzeko, Beasaingo azoka bereziak hilabete honetako lehen larunbatean, uztailaren 6an, zabalduko ditu ateak. 

Sasoi honetako barazkiak bere onenean aurkitzen dira eta beste batzuen artean, tomateak, kuiatxoak, pepinoak, piperrak eta alberjiniak izango dira protagonista nagusiak. Barazkiak kalitatezko produktuak, eskuragarriak eta oso osasungarriak dira, baratzetik zuzenean azokara ekarriak. Tenperatura altuak izaten ditugu garai honetan ur gehiago duten elikagai freskoagoetan pentsatzen dugu, hain zuzen ere funtsezko mantenugaietan aberatsak diren elikagaiak gorputza ondo hidratatuta mantentzea oso garrantzitsua delako.

Barazkiez gain, beste produktu batzuk saltzen dituzten postuak izango dira: eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak eta haziak. Tailerraren orduan, Jenny Cruz artisauak paperezko txerri itxurako itsulapikoak egiten irakatsiko du. 

Egitaraua

Larunbat honetako azokako egitaraua, hau izango da:

  • 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.  
  • 11:30 Paperezko txerri itxurako itsulapikoak egiten ikasteko tailerra Jenny Cruzen eskutik. 
  • 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.  
  • 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Bertakoa eta garaian garaikoa bultzatzea

Bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta  kontsumitzaileek azoka eta bertako produktuak ezagutu eta horiek kontsumitzeak dituen onurak ezagutzera eman eta sustatzea da udalaren helburua. Era berean, bezero gazteak erakartzea eta harremanak sustatzeko topagune izatea ere bada asmoetako bat, azokak berarekin dituen onurek iraupena izan dezaten belaunaldi berrien artean.